Ekonomia -
Lan eskaintza publikoa
'Ahal zen guztia' egin dutela esan du Eusko Jaurlaritzak
EH Bilduren hitzetan, ordea, Osasun Sailak eta Osakidetzak “ikerketa behar bezalako oinarririk gabe itxi nahi dute”, eta horregatik proposatutako ikerketa batzordea “gero eta beharrezkoagoa da”.
Agentziak | Erredakzioa
Osakidetzako lan eskaintza publikoan ustezko irregulartasunak argitzeko, esparru administratibotik EAEko Exekutiboak “egin ahal zuen guztia” egin duela ziurtatu du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Orain neurri judizialak hartu ala ez Fiskaltzak erabaki behar duela erantsi du.
Gobernu Kontseilua bildu ondoren, komunikabideen aurrean agerraldia egin du Erkorekak. Azken lan eskaintza publikoan izandako ustezko irregulartasunen inguruan Osakidetzak egindako barne ikerketa defendatu du Erkorekak, nahiz eta zenbait sindikatuk auzitara eraman.
Erkidegoko Administrazioak “eskura zituen” tresna eta instantzia guztiak erabili dituela ziurtatu du Jaurlaritzako bozeramaileak, Osakidetzako probetan aurkeztutako salaketen “erronkari” erantzuteko.
Zentzu horretan, hautaproban egindako ikerketak Espainiako Estatu osoan “aurrekaririk ez” duela ziurtatu du Erkorekak. Bozeramailearen ahotan, bildutako informazioa “administrazio publiko batek eskuratu dezakeen zabalena da”; izan ere, instantzia judizialek ez bezala, erakundeak “ezin ditu telefono deiak eta postak kontrolatu”.
“Eskura dituen mekanismo guztiekin ahal zen guztia” egin du EAEko Exekutiboak, Erkorekak azpimarratu duenez. “Prestutasunez eta gardentasunez lan egin da; eta zentzuz egin zitekeena eta eskura zegoena egin da”, nabarmendu du.
Iñigo Urkulluren Gobernuak eta Osakidetzak “ahal zena egin dute”, errepikatu du. Gaiaren inguruko barne ikerketan “azkenera arte” heldu dira, gaineratu du.
Hala ere, gaia kudeatu den moduarekin zenbait sindikatu ados ez egotea “ulertzen” duela esan du Erkorekak. Baina Jaurlaritzaren ekintza “gaitzesterik” ez dagoela uste du bozeramaileak.
EH Bilduren hitzetan, ostera, Osasun Sailak eta Osakidetzak “ikerketa behar bezalako oinarririk gabe itxi nahi dute”, eta horregatik koalizioak Eusko Legebiltzarrean proposatutako ikerketa batzordea “gero eta beharrezkoagoa da”.
Azalpenak “guztiz etsigarriak eta nahikoak ez” direla uste du Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak. “Barne ikerketaren ordezko honen helburua ez zen gertatutakoa argitu eta egia aurkitzea, Gobernuaren kudeaketa defendatu eta behar bezalako oinarririk ixtea baizik”, kritikatu du.
Euskadiko Mediku Sindikatuaren esanetan, Osakidetzaren erabakiak “ez ditu itxaropenak betetzen”. Osakidetzaren barne ikerketa prozesua oro har aztertzera zuzendu ez dutela uste du sindikatuak, erantzukizun indibidualak topatzera baizik, “eta ez ditu aurkitu. Eskumen hori, batez ere, Fiskaltzari dagokionean”.
Egotekotan, erantzukizun politiko eta penalak garbitzea eskatu du ELAk berriro, lan eskaintza publikoan “irregulartasun oso larriak” izan direlako. “Gaia behar bezalako oinarririk gabe ixtea eta inork erantzukizunik ez onartzea onartezina da”, salatu du. “Horregatik, beste behin ere, Darpon sailburuaren kargugabetzea eskatzen dugu, gertatutakoaren arduradun nagusia delako”, azaldu du sindikatu abertzaleak.