Ekonomia -

Protesta

Garbitzaileek greba deitu dute Gipuzkoako ertzain-etxeetan eta egoitza judizialetan

Enplegu Sailak ez du gutxieneko zerbitzurik jarri irailaren 19tik urriaren 3ra egingo duten greba horretarako. Gutxienez, hamabost egun iraungo du protestak.

Donostiako Justizia Jauregia. Argazkia: EiTB
Donostiako Justizia Jauregia. Argazkia: EiTB
Donostiako Justizia Jauregia. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, LAB, UGT eta ESK sindikatuek garbitzaileen greba deitu dute, irailaren 19tik urriaren 3a, Gipuzkoako ertzain-etxeetan, egoitza judizialetan eta adin txikikoen zentroetan. Enplegu Sailak, baina, ez du egun horietan gutxieneko zerbitzurik jarriko.

Lau sindikatu horietako ordezkariek azaldu dutenez, 60 langile inguru biltzen ditu kolektibo horrek; horietatik %95 emakumezkoak dira, errepideetako garbitzaileen kontrara (gehienak gizonezkoak dira). Hori horrela, greba egingo duten langileen helburua da, sektore horretan ere, emakumezkoen eta gizonezkoen lan-baldintzak parekatzea.

Eusko Jaurlaritzak azpikontratatutako Garbialdi enpresak kudeatzen du ertzain-etxeetako eta egoitza judizialetako garbiketa, azaldu du Mari Luz Rodriguez ELAko bozeramaileak. "Ertzain-etxeen kasuan, hitzarmena 2009ko abenduaren 31n bukatu zen, eta egoitza judizialetako eta adin txikikoen zentroetako lan-baldintzak arautzen dituena, berriz, 2017an", gaineratu du.

Bideko garbiketako langileen soldatekin alderatuta, % 13 gutxiago irabazten dute Gipuzkoako hamahiru polizia-etxeak garbitzen dituzten emakumeek. Horregatik, soldatak igotzea proposatu dute sindikatuek: % 3ko igoera 2016an, % 2,9koa 2017an, % 4,5ekoa 2018an eta % 2,5ekoa 2019an.

Egoitza judizialetan, berriz, %7koa da alde hori. Hori horrela, % 4,5eko igoera agindu dute 2018rako eta %2,5ekoa 2019rako.

Baldintzak hobetze aldera, enpresarekin lau bilera izan dituztela argitu du Rodriguezek, eta uztailaren 10ean izandako hitzorduan (orain arteko azkena) 2018ko kontsumoko prezioen indizearen igoera proposatu zien Garbialdik. Sindikatuek "onartezintzat" jo dute enpresaren proposamen hori.

Horren aurrean, aipatu lau sindikatuek 15 eguneko greba deialdia egin dute, eta negoziazioak gaizki badoaz, baliteke epe hori luzatzea. Oraingoz, bilera bakarra iragarri dute enpresarekin, irailaren 21erako.

Ildo horretan, "beste alde batera begiratzea" leporatu diote Eusko Jaurlaritzari. "Genero berdintasuna egunerokotasunean aplikatu behar da, ez da nahikoa diskurtso politak erabiltzea", egotzi diote.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Eusko Langileen Alkartasuna albisteak LAB albisteak Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak UGT Langileen Batasun Orokorra ESK sindikatuaren azken ordukoa