Ekonomia -

Gaixotasuna

Euskadiko pinudiak, arriskuan

'Banda marroia' izeneko gaitza pinuei “birulentzia handiarekin” kalte egiten ari zaie. Orain arte “ikusi ez den” hedapena hartu du gaixotasunak Euskadiko pinudietan.

Gipuzkoa eta Bizkaiko pinuak, gaixorik

1:38

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko hiru foru aldundiek, Eusko Jaurlaritzak eta baso sektoreak osatutako lantaldeak bilera egin du gaur, ‘banda marroia’ pinuen gaixotasunaren egoera aztertzeko. Oraingoz gaitzari aurre egiteko tratamendu eraginkorrik ez dago.

Gaixotasuna kontrolatzeko, 2017ko urritik baso sektorearekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean ari direla azaldu dute Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako aldundiek agiri batean. Eritasuna onddo batek sortzen du, eta 'banda marroia' izenarekin ezaguna da, pinuetan uzten duen koloreagatik.

‘Banda marroia’ izeneko gaitza pinuei “birulentzia handiarekin” kalte egiten ari zaie. Orain arte “ikusi ez den” hedapena hartu du gaixotasunak Euskadiko pinudietan.

Gaixotasuna hedapen oso azkarra izaten ari da. Aurten, urtarriletik otsailera bitartean egin zen lehen azterketan, 2.000 hektarea gaitzak jota zeudela antzeman zuten Bizkaiko arduradunek.

Uztailean egindako bigarren azterketak 15.000-16.000 hektarea (% 25) gaixorik zirela ondorioztatu zuen. Bizkaian 65.000 hektarea pinu radiata daude. Guztira, 132.000 hektarea zuhaitz ditu lurralde historikoak.

“Salbuespen” egoera ikusita, EAEko erakundeek baso lantalde bat osatu zuten 2017ko urrian. Dagoeneko zenbait bilera egin ditu lantaldeak, azkena gaur. Hiru aldundiek, Eusko Jaurlaritzak, Neiker ikerketa institutuak eta Baskegur sektoreko elkarte profesionalak osatzen dute.

Ez dago sendabide eraginkorrik

Gaixotasuna kontrolatzea “zaila” da, oraingoz tratamendu eraginkorrik ez dagoelako. Horrela, gaixorik ez dauden pinuak kutsatzea eragozteko botikarik ez dago. Horretarako, Nekazaritza Ministerioak fungizida eraginkorren bat erabiltzeko baimena eman behar du.

Hala ere, arazoari aurre egiteko, produktu fungizidekin saiakerak egiten ari dira erakundeak. Bestalde, gaixotasunari erresistentzia azaldu duten zuhaitzen pinaburuak bildu dituzte, landatzeko eta ugaltzeko asmoarekin; ‘banda marroia’ jasaten duten pinu espezieak bilatzen ari dira eta onddoak sektorean sortzen ari den kalte ekonomikoa arintzeko diru-laguntzak martxan jarri dituzte.

Bizkaian pinuen gaixotasun hau ezaguna da aspalditik; izan ere, lurraldeko basoetan 1973az geroztik presentzia izan du, baina oraingoan ezohiko egoera bat eman da hedapen azkar eta ikaragarri batekin. Azken urteko eguraldiak gaitzari lagundu diola uste dute adituek, negu oso heze eta uda oso lehor batekin.

Gipuzkoan, nahiz eta gaixotasuna ezin geldiarazi, Aldundiak bi norabidetan lanean jarraituko du: gaitzarekin kutsatzen ez diren pinu espezieen sail berriak bultzatzen eta gaixotasunaren aurkako neurri berriak aztertzen.

Araban, hiru hilabeterik behin, Baskegurrekin biltzen ari dira gaixotasunaren bilakaera aztertzeko, sektorearekin harreman “etengabean”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena