Ekonomia -

Lan-gatazka

17 greba egun deitu dituzte Gipuzkoako zahar-egoitzetan

ELAk irailaren 28an lanuztea egitea planteatu du, eta baita beste 16 egun gehiagotan ere (urriak 24, 25 eta 26; azaroak 26, 27, 28, 29 eta 30; abenduak 24, 25, 26, 27, 28, 29, 30 eta 31).

Irudia: EiTB
Irudia: EiTB
Irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA sindikatuak 17 greba egun deitu ditu Gipuzkoako zahar-egoitzean, lurralde hitzarmen berriaren “benetako” negoziazioa eskatzeko.

Honezkero, “Gipuzkoako zahar-egoitzetako hitzarmen berria adosteko negoziazio prozesua hasi zenetik ia 22 hilabete” igaro dira, Idoia Elustondo sektorearen ELAko arduradunak prentsaurrekoan, Donostian, gogorarazi duenez.

Elustondoren hitzetan, ELAk “akordio bakarra eta bi esparruetako (sektore eta enpresa aldi berean) hitzarmen kolektiboen sinadura bakarra” eskatu ditu. Patronalak eta Aldundiak, aldiz, “soldatak izoztea, eskubide sozialak murriztea, baldintza guztiak homologatzea eta 2005-2008ko abiapuntura itzultzea” proposatu dute, “egungo zaintza eredua jasanezina dela aitzakiatzat hartuta”, kritikatu duenez.

Testuinguru honetan, sindikatu abertzaleak irailaren 28an lanuztea egitea planteatu du, eta baita beste 16 egun gehiagotan ere (urriak 24, 25 eta 26; azaroak 26, 27, 28, 29 eta 30; abenduak 24, 25, 26, 27, 28, 29, 30 eta 31), hitzarmenaren “benetako” negoziazioa aldarrikatzeko. “Soldata arrakalari” amaiera emateko igoerak eta “hobekuntzak” eskatu ditu ELAk.

Gipuzkoako zahar-egoitzetako “negozio eredua arduradun publikoek eta patronalak” adostu zutela azpimarratu du Elustondok, “emakumeak esplotatzeko eta prekarizatzeko espresuki”. Zentzu horretan, sektorean soldata arrakala % 30ekoa dela zehaztu du ELAko ordezkariak.

Egoeraren berri emateko eta irailaren 28ko lanuztean parte hartzera animatzeko, aurki lantoki guztietan batzarrak egingo dituztela aurreratu du Elustondok. “Greba luze baten hasiera da, eta hilabetez hilabete areagotzen joango gara”, ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa ELA Grebak Lana Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Adinekoentzako egoitzak Sindikatuak Enpresaburuak Gipuzkoako Foru Aldundia