Ekonomia -

Lan baldintzak

2019an funtzionarioen soldata % 2,25 igotzea proposatuko du Eusko Jaurlaritzak

Gainera, laneko baja hartzen duten lehenengo egunetik soldataren % 100 jasoko dute funtzionarioek. Neurri hori dekretu bidez jarriko dute indarrean, eta 1,5 milioi euroko kostua izango du.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Langile publikoei soldata igotzeko konpromisoa hartu du Jaurlaritzak

1:32

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko funtzionarioen lan baldintzak hobetze aldera, Eusko Jaurlaritzak bi neurri proposatuko dizkie Administrazioko beharginak ordezkatzen dituzten sindikatuei. Alde batetik, 2018an funtzionarioen soldata % 1,75 igotzea eta 2019an % 2,25eko igoera izatea. Bestetik, baja hartzen duten langileek soldataren % 100 jasotzea, lehenengo egunetik.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailea izan da horren berri eman duena. Hain zuzen ere, adierazi du datorren astean Funtzio Publikoko Mahai Orokorraren bileran egingo dietela proposamena sindikatuei.

Hala, Euskal Administrazio Publikoan lan egiten duten 70.000 beharginen lan-baldintzak negoziatuko dituzte, Administraziokoak (Lakua), Hezkuntzakoak, Osakidetzakoak, Segurtasunekoak eta Justiziakoak, zehazki.

Esan bezala, datorren asteko asteazkenean bilduko dira hobekuntzen berri emateko, eta behin Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartuta, lan baldintza horiek ezartzeko aukera izango dute, "horretarako bermea dagoelako". Guztira, 90 milioi euroko kostua izango dute hobekuntza horiek.

Beraz, sindikatuen baiezkoa jasoz gero, % 1,5ekoa izango da soldata igoera urtarrila eta abendua bitartean. Horri % 0,25 gehituko diote uztailetik abendura arteko nominetan. Igoera urriko nominan aplikatuko dute, atzeraeraginez (68 milioi euroko kostua izango du horrek).

Gainera, Itzarri pentsio-funtsari % 1eko ekarpena egingo dio Jaurlaritzak, azarotik aurrera. Hots, urtarriletik egiten ari den ekarpenari % 0,5 gehituko dio (20,5 milioi euroko kostua dakar horrek).

Laneko baja hartzerakoan soldataren % 100 jasotzeko neurria dekretu bidez jarriko dute indarrean, irailaren 1etik aurrera, eta 1,5 milioi euroko kostua izango du gutxi gorabehera.

"Hori guztia Jaurlaritzak negoziazio mahaian adostuko dena kontuan izan gabe hartutako konpromisoa d,. Horrek esan nahi du baldintzak oraindik hobeak izan daitezkeela", adierazi du Erkorekak.

Halere, onartu du ez dakiela posible izango den 2019ko soldata igoera urtarrilaren 1ean aplikatzea, horretarako Estatuko Aurrekontuak onartu behar dituztelako lehenik.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Funtzionarioak bideoak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Soldatak gaur