Ekonomia -

Bilera

Osakidetzaren "hautaketa sistema ustela" aztertzeko eskatu dio ELAk Arartekoari

Esther Saavedrak "sistema guztia" aztertzeko eskaria egin dio Arartekoari, hautaketaren arazoa "Osakidetzaren azken Lan Eskaintza Publikotik harago" doala iritzita.

Osakidetzaren Lan Eskaintza Publikoa. Argazkia: EiTB
Osakidetzaren Lan Eskaintza Publikoa. Argazkia: EiTB
Osakidetzaren Lan Eskaintza Publikoa. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetzaren hautaketa sisteman dagoen "ustelkeria guztia" aztertzeko eskatu dio ELAk Manu Lezertua Arartekoari. Ildo horretan, aipatu sindikatuak azpimarratu du "azken Lan Eskaintza Publikotik (LEP) harago" doala ustelkeria.

Esther Saavedra eta Igor Eizagirre ELAko ordezkariekin bildu da Arartekoa, Bilbon. Han, Osakidetzaren 20 zerbitzuetan sendagileak kontratatzerakoan egiten duten "iruzur sistematikoari" buruzko txostena jaso du Lezertuak. Uztailean, Fiskaltzaren esku jarri zuen txosten hori ELAk.

Bileratik ateratakoan, komunikabideen aurrean hitz egin du Saavedak, eta azaldu du "sistema guztia" aztertzeko eskaria egin diotela Arartekoari. Izan ere, ELAko ordezkariaren iritziz, "Osakidetzaren hautaketa arazoa azken Lan Eskaintza Publikotik harago doa, sistema osoa delako ustela".

Saavedrak azpimarratu du Administrazio Publikoan dagoen "behin-behinekotasun" tasa altua dela horren oinarria. Osakidetzan, esaterako, langileen % 38k aldi baterako kontratua dauka.

Azken Lan Eskaintza Publikoaren azterketak errepikatzeari buruz ere mintzatu da. "Helburua ez da sistema goitik behera aldatzea, ezta erantzukizunen edo arduren ikerketa-lan bat egitea ere", azaldu du.

Arartekoarekin izandako bilerari dagokionez, ELAko ordezkariak nabarmendu du Lezertuak kontratazioen behin-behinekotasunari buruzko informazio gehiago eskatu diela.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza ELA Arartekoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak