Ekonomia -
Azpiegiturak
Bilbo hegoaldeko saihesbidea luzatzeko lanak urrian esleituko dituzte
Litekeena da 2019an abiatzea Bilboaldeko Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidea luzatzeko lanak. Hala, bigarren fasea 2023rako egongo litzateke amaituta, eta tunel berria 2027rako bukatuko lukete.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ibaizabal ibaiaren alde biak lotzeko asmoarekin, tunel bat eraikitzeko proiektua abia lezake Bizkaiko Foru Aldundiak, eta Herbehereetan jarri du arreta horretarako. Hori horrela, lurralde garapeneko arduradunek Zeelanda eskualdera egin dute bisita, Westerschelde tunela gertutik ezagutzeko. Itsasoaren azpitik igarotzen den 6,6 kilometroko tunela da, N-62 autobidean dago eta Herbehereetako tunelik luzeena da.
Ildo horretan, Imanol Pradales Bizkaiko Ekonomia eta Lurralde Garapeneko diputatuak esan du uztailean esleitu zuten azterketa batek argituko duela tunelaren ibilbide zehatza.
Pradalesek azaldu duenez, Bilboaldeko Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidean egin nahi duten tunelak Westerscheldekoaren antza du. Bizkaiko Foru Aldundiaren proiektu honekin, irtenbidea bilatu nahi diote Arrontegi zubiari.
Hain zuzen, bertan sortzen diren trafiko arazoak konpontzeko modua bilatzen ari da Foru Aldundia. Horregatik, Bilbo hegoaldeko saihesbidearen bigarren fasea eta Ibaizabal azpitik igaroko litzatekeen tunela dira plan integralak jasotzen dituen erronketako bi. Hala, litekeena da saihesbide horren bigarren fasea egiteko lanak urriaren amaieran edo azaroaren hasieran esleitzea. Ondorioz, 2019an hasiko lituzkete errepidea luzatzeko lanak.
Guztira, 580 milioi euroko inbertsioa izango litzateke, eta, esan bezala, epe ezberdinetan egingo lituzkete lanak. Batetik, Bilboaldeko Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbidearen bigarren zatia 2023rako egongo litzateke amaituta, eta, bestetik, tunela 2027an irekiko lukete.