Ekonomia -

LAN ISTRIPUAK

41 langile hil dira urtea hasi zenetik Euskal Herrian

Asteartean bi pertsona hil ziren Gasteizen: Michelingo 43 urteko behargina eta Correosko 39 urtekoa.

Michelinek Gasteizen duen lantegia. EiTBren bideo batetik hartutako irudia
Michelinek Gasteizen duen lantegia. EiTBren bideo batetik hartutako irudia
Michelinek Gasteizen duen lantegia. EiTBren bideo batetik hartutako irudia

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo, asteartea, bi langile hil ziren Gasteizen: igandean Michelin lantegian istripua izan zuenetik koma egoeran zegoen 43 urteko gizona, eta Correosko behargin bat (39 urteko emakumea), banaketa egiteko erabiltzen ari zen motorrak furgoneta baten aurka talka egin ostean. Azken bi istripu horiekin 41 dira Euskal Herrian urtea hasi denetik lan istripuan hildakoak, LAB sindikatuak egindako kontaketaren arabera.

Sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez, azken bi urteetan Gasteizen Michelin multinazionalak duen lantokian gertatu den laugarren heriotza da. Ildo horretan, prebentzio zein lan-osasunaren alorretan gabeziak izan direla eta enpresa barneko protokolo guztiek huts egin dutela salatu du.

Igandean Gasteizko Michelin lantegian makina batek harrapatuta larri zauritutako langilea astearte goizean hil da ospitalean. Beharginak 43 urte zituen, eta plataforma igogailu eta hesi baten artean harrapatuta geratu zen. Istripua 09:30ean gertatu zen. Langilea plataforma igogailua prestatzen ari zela, makinaren eta hesi baten artean harrapatuta geratu zen.

Azken heriotzaren ondotik, Gasteizko Michelin lantokiko enpresa batzordeak 24 orduko lanuztea deitu du ostegun goizaldeko seietatik ostiral goizaldeko seietara. Halaber, bilkura egingo dute lantokiaren sarreran 13:00etatik 15:00etara, lan-istripuz hil den langilea gogoratu eta gertatutakoa salatzeko.

Gasteizen astearte eguerdian izandako istripuan, berriz, Correosko langile bat (39 urteko emakumea) hil zen, banaketa egiteko erabiltzen ari zen motorrak furgoneta baten aurka talka eginda. Ezbeharra 12:21ean gertatu zen, Zuazobidea eta Zorrolleta kaleen arteko bidegurutzean, Jundizko industrialdean. Emakumea aldi baterako kontratatuta zegoen, eta inguru hartan ari zen banaketa egiten istripua izan zuenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Nafarroako albisteak Iparraldea albisteak Langile Abertzaleen Batzordeak Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Albisteak Gaur Albisteak Euskal sindikatuak