Ekonomia -
lan-istripua Gasteizen
Hil egin da koma egoeran zegoen Michelineko langilea
43 urteko gizonari koma egoera eragin zioten ezbeharra izan ondoren. Makina batek harrapatu zuen, altueran lan bat egitera zihoanean.
agentziak | erredakzioa
Igandean Gasteizko Michelin lantegian makina batek harrapatuta larri zauritutako langilea astearte goiz honetan hil da ospitalean, sindikatuek baieztatu dutenez. Beharginak 43 urte zituen, eta plataforma igogailu eta hesi baten artean harrapatuta geratu zen.
CGN lantegiko mantentze-taldeko langilea zen eta egosketa-prentsa batean lan bat egitera zihoan lan-istripua izan zuenean. Medikuek koma egoera eragin zioten gizonari, baina gaur goizean hil da.
Zentralak jakinarazi duenez, istripua igande goizeko 09:30ean gertatu zen. Plataforma igogailua prestatzen ari zela, 43 urteko gizona irten ezinik geratu zen, makinaren eta hesi baten artean. ESK sindikatuak azaldu duenez. "Istripuaren tokia estua eta maniobratzeko zaila da", gaineratu du sindikatuak.
Ezbeharra gertatu zen unean langilea bakarrik zegoen, konponketa egiteko beharrezkoa zuten pieza bat hartzera aldendu baitzen berarekin batera zegoen behargina.
Lekutik alde egin zuen langileak telefonoz deitu zion harrapatuta geratu zen langileari, konponketa egin ahal izateko behar zuten piezaren inguruan galdera bat egiteko asmoz. Alabaina, 43 urteko beharginak telefonoari erantzuten ez ziola ikusita, harengana hurbildu eta harrapatuta zegoela ikusi zuen.
Langilea bertatik askatzea lortu zuenean gune horretako arduradunari deitu zion. ESK sindikatuaren esanetan, arduraduna suhiltzaileak eta lantegiko medikua gertatutakoaz ohartarazten saiatu zen, baina barneko telefonoa ez zebilen.
Orduan, medikua zegoen tokiraino joan behar izan zuen arduradunak. Anbulantzian bertaratu ziren medikuek larri zauritutako langilea suspertzea lortu zuten eta Gasteizko ospitalera eraman zuten.
Alabaina, beharginak istripua izan zuen unetik ospitalean artatu zuten arte "40 minutu inguru" igaro zirela salatu du ESK sindikatuak, eta denbora hori txikiagoa izan zitekeela gaineratu du.
Sindikatu horren arabera, zauritutako beharginarekin batera zegoen langileak ezin izan zuen desfibriladorea erabili, antza denez, ez zekielako gailu hori erabiltzen. Ildo horretatik, langile guztiei desfibriladorea erabiltzen irakasteko eskatu dio sindikatuak enpresari.
Zuzendaritzak ikerketa abiatu du gertatutakoaren nondik norakoak argitzeko, eta arratsalde honetan bertan sindikatuekin bilera egingo du. Halaber, bilera hori bukatutakoan langileen batzordea bilduko da.
Bestalde, LABek "ardura bere gain hartzeko" eskatu dio Michelini langilearen heriotza dela eta.
Sindikatuak babesa eta atsekabea helarazi die hildakoaren familiari, lagunei eta lankideei. Sindikatuak gogorarazi du dagoeneko 41 direla Euskal Herrian aurten hil diren langileak, eta lau hil direla Michelinen azken bi urteetan.
LABen arabera, aurreko kasuan, 2017ko martxoan, langilea bihotzekoak jota hil zen eta, ondorioz, Lan Ikuskaritzak enpresa behartu zuen gaueko txandetan eta asteburuetan mediku bat izatera lantegian, baina "ez du agindua bete".
"Enpresak gertakari horiek ezkutatu besterik ez du egin nahi, ardura azpikontratei edo langileei leporatuta. Denbora daramagu prebentzio eta lan osasun alorretan enpresak dituen hutsuneak salatzen, tartean, bigarren jarduera, ezinezko erritmoa edo prebentzio mailako heziketa eza", gaineratu du.
Era berean, LABek esan du "enpresaren protokolo guztiek huts" egin dutela. Izan ere, ezin izan zuten atezainarekin telefonoz hitz egin, eta "enpresaren alde batetik besteraino joan behar izan zuten eta horrek asko atzeratu zuen eskuhartzea". Desfibrildorea aurkitzeko ere arazoak izan omen zituzten, eta ez zekiten nola erabiltzen zen.
LABek beharrezko neurriak inposatzeko eskatu die Eusko Jaurlaritzari, Lan Ikuskaritzari eta Osalani.