Ekonomia -
Itxiera goiztiarra
Arrantzaleek ezingo dute hegaluzerik harrapatu abuztuaren 18tik aurrera
Espainiako Arrantza Idazkaritzak badaezpadako itxiera agindu du, laster kuotaren % 100 arrantzatuta egongo delakoan. Kolpe latza izango da euskal flotarentzat.
EiTB.EUS
Ustekabean, hegaluzearen kanpaina "badaezpada ixtea" agindu zuen atzo Espainiako Arrantza Idazkaritzak. Agindutakoaren arabera, abuztuaren 18a izango da espezie hori harrapatzeko azken eguna. Kanpaina ekainaren amaieran hasi zen, eta urrira arte luzatzen da normalean. Erabakia, bada, kolpe latza da euskal flotarentzat.
Erakundeak ohar baten bidez azaldu duenez, "egun gutxiren buruan kuotaren % 100 harrapatuta egongo da". Kanpaina bakoitzean 15.000 tona hegaluze harrapa dezakete arrantzaleek.
Hori horrela, hilaren 18ko gauerdia ezarri du epemuga gisa, eta arau-hausteengatik aurreikusita dauden isunak gogorarazi ditu ohar labur horretan.
Hegaluzea, etxetik gertu
Beste urte batzuetan ez bezala, arrantzaleek Kantauri itsasoko uretan, portutik bederatzi ordura, topatu dituzte aurten hegaluzeak. Irlandako uretaraino joan behar izaten dute batzuetan, horrek dakarren denbora eta erregai gastuarekin.
Itsasoko uraren tenperatura ohi baino beroagoa izan da aurten, eta, horri esker, hegaluze asko sartu da eta "harrapaketa kopuru esanguratsuak" egin dituzte arrantzaleek.
2016an ere, ohi baino lehenago itxi zen kanpaina. Orduko hartan, ordea, beste bat izan zen arrazoia: Espainiako Gobernuak kuotaren zati bat Frantziakoari eman zion, beste espezie batzuen truke. Eusko Jaurlaritzak eta euskal arrantzaleek gogor kritikatu zuten erabakia, eurekin galdetu gabe hartu baitzuten.
2017ko kostera, aldiz, "oso positiboa" izan zen: 6.760 tona hegaluze harrapatu zituzten.