Ekonomia -
Landaben
Hiru egunez itxiko dute Nafarroako Volkswagen, geldialdi teknikoa egiteko
Autoen gaineko probek eta ondorengo prozedurak ekoizpena geldotzea ekarri dute, eta lantegia zabalik egonez gero, pilatu egingo lirateke. Hiru egun hauen ostean, astebetez itxiko dute, oporrengatik.
Euskadi Irratia
Hiru eguneko geldialdi teknikoa egingo du gaurtik aurrera Nafarroako Volkswagenek, autoen isuri kutsagarriak neurtzeko baldintzak gogortu direlako.
Euskadi Irratiak jakinarazi duenez, hain zuzen ere, Volkswagen etxeko ibilgailuen isuri kutsagarrien aferagatik zorroztu ziren auto berriak homologatzeko probak, eta horiek balioztatzeko prozedurak ekoizpena geldotzea ekarri dute auto etxe nagusietan.
Zehazki, auto berriak homologatzeko Alemaniako bulegoak egin du gainezka. Kotxe berriei askoz ere proba luze eta zehatzagoak egin behar zaizkie orain horien isuri kutsagarriak neurtzeko, eta atzerapenak izaten ari dira auto modelo berriei legezko zigilua emateko.
Horregatik, hiru egunez itxiko dute Landabengo planta; bestela, egunero ekoizten dituzten 1.400 autoak lantegian pilatuko zaizkie, eta homologatu arte ezin dira merkatura atera.
Hiru eguneko geldialdi teknikoaren ostean, alabaina, beste astebete itxiko ditu ateak Landabengo Industrialdeko Volkswagenek, hiru egun hauei aurrez planifikatutako astebeteko oporraldia erantsi baitiete. Beraz, guztira, 10 egun egongo da auto berririk ekoitzi gabe.
Halere, urteko 244.000 autoen ekoizpena ez da murriztuko, hiru egun hauek abenduan berreskuratuko dituztelako.