Ekonomia -
PENTSIOAK
EAEko pentsiodunak ez dira Valerio ministroak asteartean deituriko bilerara joango
Azken igoera ez dela nahikoa iritzi diote, eta pentsio sistema publiko bat aldarrikatzen jarraitzen dute.
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) pentsiodunen eta erretiratuen elkarteak ez dira joango Magdalena Valerio Espainiako Lan ministroak biharko Madrilen deitu duen bilerara. Pentsiodunen Estatuko Koordinakundeko ordezkariak, aitzitik, bertan izango dira. Euskal pentsiodunen iritziz, adostutako pentsioen igoera ez da nahikoa eta horregatik pentsio sistema publiko bat aldarrikatzen jarraitzen dute.
Astelehenero bezala, Bizkaiko pentsiodunak Bilbon elkartu dira eta abuztuan ere elkarretaratzeak egiten jarraituko dute. Gipuzkoan eta Araban, ostera, uda garaian protestak etetea adostu zuten.
Josele Perera Bizkaiko Pentsiodunen eta Erretiratuen elkarteko presidenteak iragarri duenez, aparteko bilera bat eskatu diote Magdalena Valerio ministroari. Dena den, oraindik ez dute bilerarako eguna zehaztu. Azaldu duenez, ez dute Pentsiodunen Estatuko Koordinakundearen planteamendua partekatzen eta horregatik hartu dute erabakia.
Bestalde, orain arteko aldarrikapenei eusten dietela nabarmendu du: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, KPIaren arabera eguneratzea eta sistema hori Konstituzioan finkatzea.
Pererak ziurtatu duenez, biharko bilerak ez du zatiketarik eragin beraien artean. Ildo horretan, Pedro Sanchezen Gobernua oraingo egoeraren erantzule ez dela uste du.