Ekonomia -
'Tax lease'
EBko Auzitegiak bertan behera utzi du ontziolei laguntzak ematearen aldeko epaia
Europako Batzordeak jarritako helegitea aintzat hartu du, eta auzia berriro aztertzeko eskatu dio Europako Auzitegi Orokorrari.
Agentzia | Erredakzioa
'Tax lease' auzia bueltan da. 2015eko abenduan erabat askatua zirudien korapiloa berriz katramilatu da. Europako Auzitegi Orokorrak duela ia hiru urte ontziolen laguntzei buruz emandako epaia bertan behera utzi du Europar Batasuneko (EB) Justizia Auzitegiak, eta auzia berriz aztertzeko eskatu dio.
Espainiako Estatuak ontzigintza sektoreari (euskal ontziolei, tartean) emandako diru-laguntzak "legez kanpokoak ez" zirela ebatzi zuen orduan EBko Auzitegi Orokorrak, Europako Batzordearen irizpidearen kontra. Batzordeak errekurtsoa jarri zion epaiari, eta horri men egin dio gaur Justizia Auzitegiak.
Hala, sektoreak laguntzok itzuli behar ote dituen aztertu beharko du berriro Auzitegiak.
'Tax lease' sistema 2002tik 2011ra egon zen indarrean Espainiako Estatuan. Egitura juridiko eta finantzario berezi bat baliatuta, kostu ekonomiko handiko produktuak (kasu honetan, ontziak) egiteko eta erosteko erabili zen sistemari deritzo.
Gaur emandako epaiaren arabera, Justizia Auzitegiak uste du bere menpeko epaitegiak ez zuela irakurketa zuzena egin Interes Ekonomikorako Elkarte horiek abantailak jaso ez zituztela esatean, eta "onura fiskalak izan zituzten bakarrak inbertitzaileak" izan zirela ondorioztatzean.
EBko Justizia Auzitegiaren iritzian, ordea, elkarte horiek 'tax lease' sistemaren "onuradun zuzenak" izan ziren.
2015eko epaiaren beste argudio bat ere atzera bota du Auzitegiak. Horren esanetan, ez da egia "enpresa oro baldintza berdinetan" egin zezakeela operazioa, Europako Batzordeak berak agerian utzi baitzuen neurriak "trataera ezberdina" ezarri zuela operadoreen artean.
Dena dela, Justizia Auzitegiak ez du auzia sakon aztertu, eta Europako Auzitegi Orokorrari jarri dio zeregin hori, betiere gaur emandako irizpideari jarraiki.
Egungo tax lease sistemak "bere horretan jarraitzen" duela dio Jaurlaritzak
Garapen Ekonomikoko eta Azpiegitura Sailak adierazi duenez, gaur egungo 'tax lease' sistemari ez dio eragiten EBko Auzitegiak Orokorrak emandako epaia, eta ebazpena sakonean aztertuko duela esan du, Europa Pressen arabera.
Arantxa Tapiak gidatzen duen Sailak esan du ez dituela ebazpenaren nondik norakoak ezagutzen eta, hortaz, euskal ontzioletan izan zezakeen eragina.
Halere, aipatutako iturrien arabera, gertatzen dena gertatzen dela, gaur egungo 'tax lease' sistemak "bere horretan jarraitzen du" eta ez du eraginik izango.
Auziaren kronologia
Auzia aspaldikoa da. Espainiako Estatuak ontzigintza sektoreari laguntzeko ezarritako sistemaren kontra Europako beste Estatu batzuek aurkeztutako salaketak jaso zituen Europako Batzordeak 2006an. Beste estatukide batzuk salatzen zutenez, Espainiako Estatuan egindako ontziolak % 20-30eko beherapenarekin erosteko aukera ematen zien enpresei, euren kalterako.
2013an Joaquin Almunia orduko hartan Lehiakortasunerako komisarioa zenak "Estatuak legez kanpo emandako laguntza sistema' zela ondorioztatu zuen, eta 2007-2011 urteen artean (sistema 2002an abiatu bazen ere) ontziolei emandako laguntza fiskalak berreskuratzeko agindu zion Espainiako Estatuari. Ebazpenak kinka larriak utzi zituen ontziolak, sektoreko inbertitzaileak 126 milioi euro itzultzera behartuta baitzeuden.
Espainiako Gobernuak, Jaurlaritzak, Asturias eta Galiziako gobernuek, UGT eta CCOO sindikatuek eta ontziolen patronalak erabaki horren kontrako helegitea aurkeztu zuten Europako Auzitegi Orokorrak, eta 2015eko abenduan beste aldera joan zen balantza: laguntzak ilegalak ez zirela ebatzi zuen Europako Auzitegi Orokorrak.
2016an, EBko Justizia organo gorenera jotzea erabaki zuen Batzordeak, eta hortik etorri da gaurko erabakia.