Ekonomia -

Langabezia

Langabezia tasa % 10,1era jaitsi da Euskadin bigarren hiruhilekoan

Beherakada handiena emakumeen artean izan da, dena dela, emakumeen langabezia tasa gizonena baino 14 hamarren handiagoa da oraindik (% 10,9 eta % 9,5 hurrenez hurren).

Lanbideren bulego bat. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Lanbideren bulego bat. ETB
Langabezia tasa %10,1era jaitsi da Euskadin

1:21

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langabezia tasa % 10,1era jaitsi da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2018ko bigarren hiruhilekoan (martxotik maiatzera), 2017ko tarte berarekin alderatuta (puntu bat egin du behera, % 11,1ean baitzen iaz), Eustat Euskal Estatistika Erakundearen arabera. Guztira, 106.200 langabe zeuden Euskadin.

2018ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta ere, behera egin du langabeziak, 1,2 puntu (10.400 pertsona gutxiago lan barik), zehazki. Beherakada handiena emakume langabeen artean izan da —54.500 dira, hau da, aurreko hiruhilekoan 7.300 gutxiago—; gizon langabeen kolektiboan jaitsiera apalagoa izan da (51.700 pertsona), aurreko hiruhilekoan baino 3.000 gutxiago.

Nolanahi ere, emakumeen langabezia tasa gizonena bainoa handiagoa da oraindik: % 10,9 eta % 9,5, hurrenez hurren (14 hamarren). Gazteen (16 eta 24 urtekoena) langabezia tasak altuena izaten jarraitzen du: % 20,7 (9.200 pertsona daude lan barik).

Lurraldeka, jaitsiera handiena Bizkaian izan da: 5.000 langabe gutxiagorekin, eta % 11,6ko tasarekin (1,1 puntu gutxiago aurreko hiruhilekoaren aldean).

Gipuzkoan, 3.000 langabe gutxiago zenbatu dituzte, eta tasa 0,9 puntu jaitsi da, % 7,7ra arte. Horrenbestez, 26.000 langabe daude lurralde horretan.

Araban ere behera egin du langabeen kopurua (2.300 gutxiago), betiere aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta tasa 1,7 puntu portzentual jaitsi da (% 10,5).

Hiriburuetan ere beherakada izan da bigarren hiruhileko honetan : Bilbon jaitsi da gehien: 3.700 langabe gutxiagorekin; ondoren, Gasteizen (-1.900), eta azkenik, Donostian (-400).

Zerbitzuek hartzen dituzte lan gehienak, 19.300 enplegu garbi sortzean, betiere Eustaten arabera.

Halaber, jaitsi egin da pertsona aktibo guztiak langabe dauden etxeen kopurua (4.400 gutxiago): 35.500 familia dira orain.

Okupazio datuak eta gizarte segurantza

Okupazio datuek, bestalde, hobera egin dute. EAEn, bigarren hiruhilekoan, 940.300 landun daude, aurreko hiruhilekoan baino 23.400 gehiago (% 2,6 gehiago).

Kalkuluen arabera, Gizarte Segurantzan 865.500 afiliatu daude batez beste hiruhilekoan, hau da, EAEn bizi diren pertsonak eta Gizarte Segurantzara afiliatuak, inkesta egin den garaian. Haietatik, % 98,9 lanean daude Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) irizpideen arabera, (856.000 pertsona).

BJAko LANE landunen artean, 76.800 pertsona, % 8,2, ez daude Gizarte Segurantzara afiliatuta, EAEn kokatutako enpresetan ez daudelako edo funtzionarioen mutualitate publikoetakoak direlako, edo beste egoera batzuetan daudelako.

Sektoreka, biztanleria landuna handitu egin da zerbitzuen sektorean (19.300 pertsona gehiago), industrian (3.400 gehiago) eta lehen sektorean (800 gehiago); eraikuntzan, berriz, landunen kopurua jaitsi egin da (200 pertsona gutxiago).

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak