Ekonomia -
Helmuga zuzen berriak
Bilboko Aireportua New Yorkekin eta Moskurekin lotzeko lanean ari da Bilbao Air
Beste aireportu batzuekin loturak aztertzen ari dira. Hala nola, Lyon, Kopenhage, Helsinki, Porto, Nantes, Glasgow, Eindhoven, Marseilla, Genova, Varsovia edo Budapest.
Agentzia | Erredakzioa
Loiuko aireportuaren nazioarteko proiekzioa handitu nahian, helmuga zuzen berriak gehitzeko lanetan ari da Bilbao Air Bilboko Aireportua sustatzeko sozietatea. Besteak beste, New York eta Mosku ditu begiz jota, baina baita Kopenhage, Glasgow eta Varsovia ere.
Zerrenda luzea da, eta balizko helmuga berrien artean daude Lyon, Helsinki, Porto, Nantes, Glasgow, Eindhoven, Marseilla, Genova, Varsovia eta Budapest ere.
Bilbao Airrek ohar batean jakinarazi duenez, hilabeteak daramatza zereginotan, batez ere Bilbao Bizkaia Action Group (BBAG) batzordearen bidez. Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, Eusko Jaurlaritzak, AENAk eta Bilbao Air berak osatzen dute batzorde hori.
Era berean, apirilean BECen egindako Routes Europe azoka ere baliatu zuen Bilbao Airrek, hainbat aireportu eta hegazkin-konpainiarekin bilerak eginez.
Udan, markak hautsiz
2018ko lehen seihilekoan gora egin du bidaiarien ( % 9,1) eta operazioen kopuruak ( % 5,2).
Udan, inoiz baino helmuga gehiago izan dituzte: 49.
Bestalde, ekainean marka ondu du aireportuak bidaiari kopuruari dagokionez. Laugarren aldiz, hileko milioi erdi erabiltzaile izan ditu. 520.576 bidaiari izan ditu Loiuko aireportuak ekainean, 2017ko hilabete berean baino % 7,4 gehiago.