Ekonomia -
Osakidetzako oposaketak
Osakidetzako lan-eskaintza publikoko beste 7 kategoria gehiago salatuko ditu LABek
Irregulartasunak azaleratu zituen anestesistak esan du badakiela "errepresaliak" jasoko dituela, baina ez dela damutzen lanpostuak emateko "legez kanpoko praktika sistematiko bat" salatu izanaz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
LAB sindikatuak jakinarazi du Osakidetzako lan-eskaintza publikoko beste zazpi kategoria gehiago salatuko dituela Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Fiskaltzaren aurrean.
Ohar batean azaldu duenez, zazpi kategoria horietan izandako ustezko irregulartasunen gaineko informazioa bildu du eta fiskalari helaraziko dizkio. Horrenbestez, guztira 12 dira auzitegian salatutako kategoriak.
Halaber, kategoria horietako epai-mahaiei buruzko ikerketa bat egin du sindikatuak eta, besteak beste, "tartean Administrazioko goi-karguak" zeudela egiaztatu du.
Gauzak horrela, LABek enegarrenez salatu du "egoera larria" dela eta Osakidetzako zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak "gardentasunik gabe" eta "ardurak bere gain hartu gabe" jarduten ari direla. Hori dela eta, "ikerketa independente bat" eskatu du.
Jon Darpon Osasun sailburuak hilaren 19an Legebiltzarrean egingo duen agerraldiari dagokionez, LABek ondokoa adierazi du: "Iruzur kasu isolatua izan dela eta neurriak kategoria gutxi batzuetan hartuko dituela esango duenaren beldur gara; eta hau guztia harago doan arazo bat da".
Amaitzeko, Osakidetzako lan-eskaintza publikoaren eredua aldatzeko "negoziazio zabala" hasteko galdegin du sindikatuak, "egungo oposaketa-sistema agortuta dagoelako".
Errepresalien eta bazterketaren beldur
Bestalde, Osakidetzako ustezko irregulartasunak argitara atera zituen anestesistak agerraldia egin du gaur Gasteizen, Julio Sanchez ESK sindikatuko abokatuak eta Patxi Nicolau OSI Arabako ordezkariak lagunduta, eta esan du profesional askok ez dutela salatzeko urratsa ematen "baztertuak izateko" eta beren ibilbide profesionala EAEn egiteko aukera galtzeko "beldurragatik".
ESK-k 19 espezialitatetan irregulartasunak izan direla salatu du eta goi-mailako ekonomia teknikarien kategorian ere irregulartasun izan direnaren susmoak ditu.
Manuel Martinezek azaldu duenez, oposaketetako azterketen filtrazioa publikoki salatu duten langileak "axolagabekeria eta etsaitasuna" pairatzen ari dira.
Martinezek egun Osakidetzan lan egiten du eta lan-poltsan dago. Beraz, kaleratuko dutenaren beldurrik ez dauka, baina konbentzituta dago "errepresaliak" jasango dituela irregulartasunak salatu izanagatik.
"Bizitza jasanezina egiten badidate, kanpora joango naiz lan bila, baina ez naiz egindakoaz damutzen, ondorioak edozein izanda ere; ezin nuen beste alde batera begiratu langileak kontratatzeko legez kanpoko praktika sistematiko eta zabaldu honen aurrean", azpimarratu du.
BIDEOA | ESK sindikatuak irregulartasun gehiago salatu ditu Osakidetzako OPEan