Ekonomia -

Eusko Jaurlaritzaren dekretua

Etxebizitza turistikorik ez baimentzeko aukera izango dute eraikinetako bizilagunek

Retortilloren hitzetan, erabilera turistikoko etxebizitzak eta logelak arautzeko dekretuak “segurtasun juridikoa” eta “gardentasuna” emango dio jarduera ekonomikoari, baita bezeroei ere.

Etxebizitza turistikoak Donostian. Irudia: EiTB
Etxebizitza turistikoak Donostian. Irudia: EiTB
Etxebizitza turistikoak Donostian. Irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eraikin batean etxebizitza turistikorik ez izatea erabakitzeko aukera izango dute bizilagunek, baita bezeroek atsedena errespetatzeko betebeharra ezartzekoa ere. Gainera, zerbitzuko “kalitatea” bermatzeko alderdi batzuk zehaztu ahal izango dituzte eraikinetako bizilagunek, hala nola eskaintzaren araberako gutxieneko metro karratu kopurua edo bezeroak babesteko erantzukizun zibileko asegurua.

Alfredo Retortillo Turismo sailburuaren ahotan, erabilera turistikoko etxebizitzak eta logelak arautzeko dekretuak “segurtasun juridikoa” eta “gardentasuna” emango dio jarduera ekonomikoari, baita bezeroei ere. Dekretua asteartean onartu zuen Gobernu Kontseiluak.

Turismo sailburuak eta Maider Etxebarria Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak prentsaurrekoa eman dute Donostian. Dekretuak “legalki izena eman duten jabeen eskubideak defendatu” nahi ditu, baita “bizilagunenak eta bezeroenak” ere, sailburuak azaldu duenez; izan ere, azken horiek “ahaztu” egin dituzte orain arte. Euskadin 2.200 etxebizitza turistiko daude gaur egun.

RETORTILLO EFE

Alfredo Retortillo eta Maider Etxebarria. Argazkia: EFE

Gainera, Retortillok azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak ez duela “inolako iruzurrik eta jarduera klandestinorik” onartuko sektorean. Horregatik, ikuskaritza zerbitzua beste 10 pertsonarekin indartuko dutela iragarri du.

Dekretu berria Euskadiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean sartuko da indarrean. Besteak beste, jarduera hasteko, aldatzeko edo amaitzeko, prozedura administratiboak “sistematizatzeko eta antolatzeko” inprimakiak jarriko ditu martxan dekretuak. Bestalde, etxebizitza turistikoek bereizgarri bat izango dute sarreran ikusgarri, “bezeroentzako eta bizilagunentzako legezkotasun berme bezala”.

Pertsona batentzako etxebizitza batek gutxienez 25 metro karratu izan behar ditu erabilgarri, bi pertsonarentzako etxeek 33 metro, eta hiru lagunentzakoek (edo hirutik gorakoentzakoek) pertsona bakoitzeko 15.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Turismoa Euskadi Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Albisteak Gaur Albisteak Etxebizitza Turismo-ostatuak Euskadi