Ekonomia -

ESPAINIAKO MINISTERIOA

3.598 langabe gutxiago zenbatu dituzte ekainean Hego Euskal Herrian

EAEn 2.316 pertsona gutxiago daude lan bila, eta 1.282 gutxiago Nafarroan, maiatzeko datuekin alderatuta. Eusko Jaurlaritzak azpimarratu duenez, 53.528 pertsonak aurkitu dute lana bost urtean.

Ekainean 2.316 langabe gutxiago zenbatu ditu Lanbidek

1:09

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hego Euskal Herriko enplegu zerbitzu publikoek 3.598 langabe gutxiago zenbatu dituzte ekainean, Espainiako Gobernuak jakinarazi dituen azken datuen arabera. Guztira, 152.539 langabe zeuden Hego Euskal Herrian ekainean. Eusko Jaurlaritzak azpimarratu duenez, 53.528 pertsonak aurkitu dute lana Euskal Autonomia Erkidegoan azken bost urteetan.

Zehatz-mehatz, 2.316 pertsona gutxiago (-% 1,89) daude lan bila EAEn, maiatzeko datuekin alderatuta. Urtebetean, hau da 2017ko ekainetik, 10.784 pertsona gutxiago daude langabezian (-% 8,22).

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Gipuzkoan 900 langabe gutxiago izan dira ekainean, aurreko hilabeteko datuekin alderatuta (- % 3,06), 214 pertsona gutxiago Araban (- % 1,08) eta 1.112 pertsona gutxiago (- % 1,58) Bizkaian.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak azpimarratu duenez, azken bost urteetan 53.528 lagunek aurkitu dute lana Euskal Autonomia Erkidegoan. Gaineratu duenez, azken hilabetean adin tarte guztietan, gizon eta emakumeen artean, hiru lurraldeetan eta sektore guztietan egin du behera langabeziak. Denbora luzean zein laburrean langabezian zeudenek aurkitu dute lana, baina ezberdintasunak daudela onartu du sailburuak. Hori dela eta, aurreratu duenez, beharrik gabe denbora luzea daramatenen aukerak hobetzeko lanean jarraituko du Lanbidek.

Nafarroari dagokionez, 1.282 langabe gutxiago (-% 3,85) daude, eta 32.054 pertsona daude lanik gabe. Espainiako Gobernuak jakinarazitako datuen arabera, urtebetean 3.884 pertsona gutxiago daude langabezian (-% 10,81).

Espainiako datuei dagokienez, 89.968 langabe gutxiago izan dira ekainean, aurreko hilabeteko datuekin alderatuta. Guztira, 3,16 langabe zenbatu dituzte Espainian ekainean, 2008ko abendutik izandako zifrarik txikiena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Langabezia Bizkaiko albisteak Albisteak Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Lana albisteak Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Albisteak