Ekonomia -

Bec

345 pertsonak parte hartu dute Hezkuntzako LEParen lehen egunean

Lehenengo proba, LHko irakasle teknikoei zuzendutakoa, gaur egin dute. Plaza bakoitzeko bi hautagai aurkeztu dira.

Iaz BECen egindako Hezkuntza LEParen azterketa eguna. Argazkia: Irekia
Iaz BECen egindako Hezkuntza LEParen azterketa eguna. Argazkia: Irekia
345 pertsonek parte hartu dute Hezkuntzako LEParen lehen egunean

1:17

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre (BEC) erakustazokak Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoaren (LEP) lehen azterketa hartuko du gaur, osteguna. LEParen lehen eguna Lanbide Heziketako irakasle tekniko izan nahi duten hautagaiei zuzenduta dago, 345 pertsona aurkeztuko dira eta 174 plaza eskaini dituzte.

Hezkuntza Sailetik gogorarazi dutenez, guztira 1.511 plaza eskaini dituzte LEParen bidez, Lanbide Heziketako irakasle teknikoen eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen plazak betetzeko.

LEP honetan, 406 plazak dute Lanbide Heziketarekin lotura: 174 plaza Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegorako dira eta beste 232 plaza Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegorako (Lanbide Heziketan irakasten diren ikasgaiekin lotura duten zenbait espezialitate emango dituzte Bigarren Hezkuntzako irakasle horiek).

345 lagun aurkeztu dira gaur Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoan sartzeko proba egitera: gizonak emakumeak baino gehiago, 35 eta 45 urte artekoak eta bizkaitarrak, gehienak. Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoan sartu nahi dutenek, berriz, ekainaren 23an, ostiralean, egingo dute lehen proba.

Gaurko proban, hasteko, gai bat idatziz garatu behar izan dute, espezialitate bakoitzeko gai-zerrendatik ausaz hautatutako gaietako bat, eta bi orduko tartea izan dute horretarako. Proba honek aukeratutako irakaskuntza-espezialitateari buruzko berariazko jakintzak frogatzea zuen helburu.

Ondoren, lehen zati hori amaitutakoan, hautagaiei kasu praktiko bat aurkeztu zaie, espezialitatearekin lotura zuzena duena. Hori ere idatziz egin dute. Hautagaiek aukeratutako espezialitateari dagokion prestakuntza zientifikoa eta trebetasun teknikoak menderatzen dituztela frogatzeko helburua du proba honek.

Zazpi espezialitate hauetako hautaketa prozesua burutu eta ebaluatzeko 8 epaimahai osatu dira, 40 espezialistak osatutakoak:

Espezialitatea (plaza kopurua)

-Instalazio elektroteknikoak (20)

-Ibilgailuen mantentze-lanak (8)

-Mekanizazioa eta makinen mantentzea (108)

-Osasun eta laguntzako prozedurak (9)

-Merkataritza-prozesuak (8)

-Administrazio-kudeaketako prozesuak (9)

-Informatika-sistemak eta aplikazioak (12)

(GUZTIRA, 174)

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Barakaldo Bilbao Exhibition Centre Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Lan Eskaintzak LH albisteak Irakasleak