Ekonomia -

EAE-n

Sei greba egun deitu dituzte urrirako eta azarorako itunpeko hezkuntzan

ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuen iritzian, patronalen 'immobilismoak' ez die beste aukerarik eman.

Azken greba egunean Bilbon egindako manifestazioaren argazkia. EFE
Greba EAEko itunpeko hezkuntzan. EFE
Azken greba egunean Bilbon egindako manifestazioaren argazkia. EFE

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek sei greba egun iragarri dituzte 2018/2019 ikasturterako Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gizarte ekimeneko ikastetxe pribatuetan (hezkuntza pribatuaren % 70).

Ikasturte honetan zehar, hiru greba egun eta mobilizazio andana egin dituzte hezitzaileek. Protestak gorabehera, ez da aurrerapausorik izan Kristau Eskola eta IZEI patronalekin duten negoziazioan, eta hala, datorren ikasturteari begira, greben dinamikari eustea erabaki dute sindikatuek. Urriaren 9 eta 10ean eta azaroaren 27, 28, 29 eta 30ean egingo dute greba.

"Patronalaren immobilismoak ez digu beste aukerarik uzten", adierazi dute Bilbon eskainitako prentsaurrekoan.

Deialdiak 9.000 hezitzaileri eta 120.000 ikasleri eragingo die.

Grebez gain, borondatezkoak diren hainbat jardueratan "ez parte hartzeko" deia egin diete langileei, negoziazioan presioa egiteko asmoarekin.

Sindikatuetako ordezkariek gogorarazi dutenez, lan-hitzarmena berritu gabe dute 2009tik, eta soldata-galera % 10etik gorakoa da. "Lan-karga izugarria pairatzen dugu", kritikatu dute

Sabin Arrizabalaga Steilas sindikatuko kidearen hitzetan, azarotik ez dute patronalarekin harremanik izan, eta "etorkizun hurbilean ere ez dugu bilerarik aurreikusten", azaldu du.

Besteak beste, honako eskaerak plazaratu dituzte: langileen erosahalmena berreskuratzea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hezitzaileen soldata parekatzea, enpleguari eusteko akordioa hitzartzea, eta jaiotza-tasaren beherakadaren ondorioz itxi daitezkeen ikasgelen ondorioz gal daitezkeen postuak mantentzea.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
ELA LAB Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak