Ekonomia -

Naval

Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza eskatu du Naval ontziolako enpresa batzordeak

Gaur eguerdian bildu da Naval ontziolako zuzendaritza langileen batzordearekin, egoeraren berri emateko.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Navalek bizi duen "egoera larriaren aurrean", Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritza ezinbestekoa dela esan du ontziolako enpresa batzordeak, eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuarekin berehala biltzea eskatu du.

Finantza erakundeek Sestaoko lantegiaren etorkizuna "kolokan" jarri dutela esan dute langileek, eta bankuek sindikatuekin biltzeko "borondaterik ez" dutela erakutsi salatu dute.

"Finantza erakundeek erabaki egin behar dute; zerbait edo ezer ez. Gainontzean, mobilizatzea beste aukerarik ez dugu izango. Navalen etorkizuna, Ezkerraldearena eta ontziolako langileena bankuen esku daude", esan du enpresa batzordeak, gaur kaleratu duten ohar baten bidez.

Ontziolaren etorkizuna, kinka larrian

Naval ontziola eraikitzen ari diren 'Vox Alexia' ontziaren finantzaketa airean dago, Van Oord armadorearen eta bankuen arteko ezadostasunak azken orduotan areagotu ondoren. Dena dela, oraingoz, negoziazioak ez dituzte eten bi aldeek. Ontziolan dagoen itsasontzia berreskuratu nahian dabil Herbereetako armadorea, baina, antza, azken hilabetean egindako ahaleginek ez dute fruiturik eman.

Sestaoko Naval ontziolak sei finantza erakundeekin akordioa lortu zuen joan den maiatzean,  'Vox Alexia' ontziaren eraikuntza finantzatzeko. Adostasun horrek draga eraikitzen jarraitu ahal izateko aukera zabaldu zuen.

Horrekin batera, Van Oord armadoreak ontziaren eraikuntzan inbertitutako dirua (42 milioi euro) itzultzeko prozedura abiatu zuen, baina finantza-erakundeek ez dituzte armadorearen eskaintzak onartu.

Egun, Navalen duten lan-karga bakarra da 'Vox Alexia', eta, beraz, ontziolaren etorkizuna kolokan dago.

Negoziazioen gertuko iturriek jakitera eman dutenez, bankuak ez daude 42 milioiko bermeak exekutatzeko prest, eta  kontratuak aintzat hartuta, dirua ez itzultzeko erabakia "legezkoa" dela esan dute.

Beste iturri batzuen arabera, berriz, Van Oord armadoreak ontzia berreskuratzeko egindako eskaintza "oso baxua" da, eta finantza erakundeek ez dute onartu.

Bien bitartean, Naval ontziolak jakinarazi du 'Vox Alexia' erakitzen jarraitzeko ahalegin guztiak egingo dituztela, alde guztiekin negoziatuz.

Gaur eguerdian bildu da ontziolako zuzendaritza langileen batzordearekin, egoeraren berri emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak La Naval