Ekonomia -
Lan istripua
41 urteko langile bat hil da Bilboko Portuan
Punta Luceroko harrobia egonkortzeko lanetan jazo da ezbeharra. Kamioi batek harrapatu du behargina.
eitb.eus
41 urteko langile bat hil da gaur Bilboko Portuan, kamioi batek harrapatuta, Portuko Agintaritzak ohar batean jakinarazi duenez.
Ezbeharra eguerdian jazo da, Punta Luceroko harrobia egonkortzeko lanetan.
Argitu gabeko arrazoiak tarteko, kamioi batek harrapatu du Viuda de Sainz enpresarentzat lan egiten zuen behargina.
Osalanek ikerketa abiatu du.
G.L.B. hildako langilea, esan bezala, Viuda Sainz enpresako behargina zen, eta azken 14 urteak eman ditu konpainia horretan lanean, enpresa eraikitzaileak berak agiri batean jakitera eman duenez. Lan-istripua “deitoratu” du konpainiak, eta “gertatutakoa argitzeko eskura dituen baliabide guztiak” jarriko dituela iragarri du.
Enpresaren hitzetan, “enpresako prebentzio zerbitzuek ikerketa abiatu dute, nahiz eta lanean segurtasun neurri guztiak hartu”.
Bestalde, elkartasuna adierazi die ELAk hildakoaren senitartekoei eta lankideei agiri batean. Lan-istripuak lan-baldintzen prekarietatearekin lotu ditu sindikatu abertzaleak. Zentzu horretan, laneko arriskuak prebenitzeko araudiaren “urraketen” jarraipena eta kontrola egiteko, neurriak “berehala hartzeko” eskatu dio ELAk Eusko Jaurlaritzari.
Era berean, lan-istripuak saihesteko neurri eraginkorrak hartzeko eskatu die LAB sindikatuak erakundeei. Sindikatu abertzalearen ahotan, “lan munduko sarraski etengabea prekarizazioaren ondorioa da. Egiturazko arazo bat da”. Antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko dei egin die LABek langileei.
Langilearen heriotza deitoratu du Jon Hernandez Ezker Anitza-IUko ordezkariak beste agiri batean. “Heriotzen triskantza etengabea” salatu du Hernandezek. Lan Ikuskaritzaren papera indartzea eta segurtasun neurriak betetzea eskatu du.