Ekonomia -
Polemika
Osakidetzako lan eskaintzan irregulartasunik izan ote den ikertuko du Fiskaltzak
ELA eta ESK sindikatuek aurkeztutako salaketa onartu du Ministerio Publikoak eta azterketa batzuetan izandako ustezko filtrazioak aztertuko ditu.
EITB.EUS
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Fiskaltza Nagusiak Osakidetzaren Lan Eskaintza Publikoan (LEP) irregulartasunik izan ote den ikertuko du. Zehazki, aurrez azterketak filtratu ziren argitzen saiatuko da Carmen Adan buru duen Ministerio Publikoa.
Osakidetzak ez du adierazpenik egin nahi izan, baina berretsi du Justiziari ikerketan laguntzeko prest dagoela.
ELA eta ESK sindikatuek jarri zuten salaketa Fiskaltzaren aurrean, "gertatutakoa ikertzeko eta erantzukizun penal zein politikoak garbitzeko". LABek ere aurki aurkeztuko du salaketa.
Fiskaltza ez ezik, Arartekoa ere 2016-2017 urteei dagokien lan eskaintza ari da ikertzen.
Emaitzak ikusita, hainbat mediku espezialitateko azterketen edukia aldez aurretik ezagutarazi zuten susmoa zutela salatu zuten sindikatuek eta oposizioko alderdiek. Horren aurrean, azterketa guztiak gainbegiratuko zituela iragarri zuen Osakidetzak, baina egutegia ukitu gabe. Horrez gain, lau espezialitateko lan eskaintzak geldiarazi zituen, eta atzo bertan, Pediatriako proba bat baliogabetu zuen.
ELAk Darponen dimisioa eskatu du
Hain justu, "irregulartasunok" salatzeko elkarretaratzea egin du goizean ELA sindikatuak Osakidetzak Bilbon duen egoitzaren aurrean.
Pello Igeregi ELAren Negoziazio Kolektiboko arduradunak salatu duenez, "Osakidetzak bazekien zer gertatzen ari zen zerbitzu medikuetan LEPa martxan jarri baino lehen: Guk geuk esan genion Osasun sailburuari zein Giza Baliabideetako zuzendari ezberdinei".
Sindikatu abertzalearen ustez, Osasun Zerbitzu Publikoko arduradunak jakitun dira, aspalditik, "lobby bat" dagoela, "hainbat mediku espezialitateko zerbitzuburuek osatutakoa". Kritikatu dutenez, lan eskaintza honetan jazotakoa ez da "gertakari isolatu bat, sistema usten baten adibide bat baizik".
"Ezin zaie errua LEPren epaimahaiei egotzi, epaimahaikideak Osakidetzak berak izendatu zituelako", erantsi du Igeregik.
Elkarretaratzea egiteaz gain, Osakidetzaren arduradunei 4.000 sinadura eman dizkiete sindikatuko ordezkariek. Agirian Osakidetzaren egungo egoera salatu dute, besteak beste, "murrizketak, pribatizazioa, behin-behinekotasuna, lan-kargen handitzea eta LEPren irregulartasunak".