Ekonomia -
EMAITZAK
Eroski Taldeak 33,2 milioi euroko irabaziak izan zituen iaz
2016ko emaitzak 56 milioi euroan hobetu ditu, orduan 22 milioi euroko galerak izan baitzituen. Gainera, bere finantza zorra 167 milioi euroan murriztu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eroski Taldeak zenbaki gorriak atzean utzi eta 33,2 milioi euroko irabaziak izan zituen iaz. 2016ko emaitzak 56 milioi euroan hobetu ditu, orduan 22,8 milioi euroko galerak izan baitzituen. Eroski S. Coop kooperatiba nagusiak, ostera, 13 milioi euroko etekinak izan zituen 2017an, aurreko urtean baino zortzi aldiz handiagoa (1,54 milioi euro).
5.505 milioi euroko fakturazioa izan zuen, aurreko urtean baino 500 milioi euro gutxiago, batez ere Carrefourri saldutako hipermerkatuen eta Douglas multinazionalari saldutako If lurrin denden ondorioz. Dena den, hori aintzat hartu gabe, aurrkeo urteko salmenta antzekoak izan ditu.
Ohiko jardueran 137,4 milioi euroko emaitza lortu du. Taldearen arabera, ekitaldi horretan eraginkortasuna eta produktibitatea hobetzeko zenbait proiektu gauzatu ditu, hala prozesu logistikoetan nola "Zurekin" eredu komertzialean, belaunaldi berriko dendei lotuta, eta horren guztiaren ondorio dira emaitza horiek.
2017-2020 garairako egin duen plan estrategikoak salmentak urtero % 2 eta % 4 artean igotzea aurreikusten du.
Inbertsioa 106 milioi eurokoa izan zen 2017an, denda propioetan eta frankizia erakoetan egina. Halaber, 11 denda berri zabaldu zituen, horietako bost supermerkatuak (hiru Euskal Autonomia Erkidegoan). Horrez gain, frankiazia erako 61 denda berri ireki zituen: 50 supermerkatu, bi hipermerkatu, zazpi Forum Sport kirol denda eta Dooers marka berriko denda bat, gasolindegi bat eta bidaia bulego bat.
Gaur egun 1.651 denda ditu Eroskik eta horietatik 600 belaunaldi berriko dendak dira (31 hipermerkatu eta 570 supermerkatu). Taldeak elikadura arloan dituen salmenta guztien %65 egiten dira horietan.
Bestalde, bere finantza zorra 167 milioi euroan murriztu du urtebetean.