Ekonomia -
Kontratu berria
Amsterdamgo metrorako 30 unitate egingo ditu CAFek
Kontratuak beste 30 unitate gehigarri eskatzeko aukera jasotzen du.
EITB.EUS
Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles (CAF) enpresak kontratua izenpetu du Herbehereetako hiriburuko (Amsterdam) metrorako 30 unitate egiteko, Beasaingo konpainiak ohar batean jakinarazi duenez.
Hiru kotxeko 30 metro unitate (M7 deitutakoak) egiteko eskaria sinatu dute. Halere, beste 30 unitate gehigarri eskatzeko eta hiru kotxekoak barik seikoak izateko aukera ere jaso dute kontratuan.
Unitate berriok, gidari gabe, modu automatikoan ibiltzeko prestatuta egongo dira. Gainera, punta-puntako ekipamendua eta bidaiariei informazioa emateko sistemak izango dituzte.
Aurretik ere egin ditu CAFek Amsterdamgo garraio publikoko operadorearentzako lanak. 90eko hamarkadan metroaren hainbat unitate egin zituen, eta Herbehereetako hiribururako 63 tranbia unitate egiten ari da gaur egun.
2018ko lau hilabeteotan 350 milioi euroko kontratuak erdietsi ditu Beasaingo konpainiak. Besteak beste, Bartzelonako Metroa egiteko eta Napoliko Metroa handitzeko enkarguak jaso ditu. Konpainiaren esanetan, enpresaren "eskari-zorroa inoizko kopuru handienetik hurbil" jarri da urte hasiera honetan, 2017ko bukaeran bezala.