Ekonomia -
EPAIA
Bilboko epaile batek abal-emaileak semearen hipoteka ordaintzetik salbuetsi ditu
Epaiaren arabera, bankuak ez zien nahikoa informazio eman abal-emaileei. Hala, abalari dagokion klausula gehiegizkoa dela iritzita, epaileak baliogabetu egin du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bilboko epaile batek Barakaldoko guraso batzuk semearen hipoteka ordaintzetik salbuetsi ditu, abal-emaileak izanagatik ere. Epaiaren arabera, bankuak ez zien nahikoa informazioa eman abal-emaileei eta, ondorioz, klausula baliogabetu du. Epai aitzindaria da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta egoera berean egon daitezkeen beste familia batzuei eragin diezaieke.
Apirilaren 5eko data duen epaiaren arabera, bankuak ez zien sinatzeri ari zirenari buruzko nahikoa informazio eman abal-emaileei —mailegua eskatu zuenaren aita eta anaia—. Hori dela eta, abal-emaile gisa izendatzen zituen klausula gehiegizkoa dela iritzita, baliogabetzat jo zuen.
Jose Montero Barakaldoko familiaren abokatuak azaldu duenez, gazte batek etxebizitza erosten duen garaian "oso ohikoa da" gurasoak abal-emaile gisa izendatzea. Ildo horretan, epaitegietan lortutako "garaipena" oso garrantzitsutzat jo du eta antzerako egoeran dauden beste hainbat familiari mesede egingo diela gaineratu du. "Hipoteken % 80ren kasua da", zehaztu du.
Bilbon epaitu duten gaztearen kasuan, diru-sarrera txiki eta aldakorra zuen gizonezkoak 2005eko abenduan mailegua eskatu zuen BBVA bankuan eta finantza erakundeak bere gurasoak eta anaia abal-emaile gisa jartzea eskatu zion. Gaztea ordaintzeko arazoak izaten hasi zenean bankuak ohartarazpena bidali zien abal-emaileei, ordaindu ezean etxea galtzeko arriskua zutela esanez. Mehatxuaren aurrean, aita semearen hipotekako kuotak ordaintzen hasi zen.
Bilboko epaitegiak Barakaldoko familiaren aldeko epaia eman du. Beraz, aurrerantzean BBVAk hipoteka eskatu zuen gazteari soilik eskatu ahal izango dio dirua. Izan ere, epaileak epaia gauzatzea eskatuko du.
Dena den, bankuak helegitea aurkez diezaioke epaiari.