Ekonomia -
Energia
Gas naturalaren prezioak % 3,4 egingo du behera igandetik aurrera
Nazioarteko merkatuetan lehengaiak merketu direlako egingo du behera gas naturalaren prezioak, Espainiako Energia, Turismo eta Agenda Digitalerako Ministerioaren arabera.
Agentziak | Erredakzioa
Gas naturalaren prezioak (TUR tarifa) behera egingo du igande honetan, apirilaren 1etik aurrera. 2018ko lehen hiruhilekoko batez bestekoarekin alderatuta, % 3,4 egingo du behera, joan den martxoaren 22an Energia eta Mina Politikako Zuzuendaritza Nagusiak ebatzi zuenez. Estatuko Aldizkari Ofizialak argitaratu du erabakia larunbat honetan.
Urtean 5.000 kWh edo gutxiago kontsumitzen duten erabiltzaileei dagokien TUR 1 prezioa % 2,8 merketuko da (ur beroa eta sukaldearen erabilera); urtean 5.000 eta 50.000 kWh (ur beroa eta berogailua) erabiltzen dituzten kontsumitzaileei ezartzen zaien TUR 2 tarifak, berriz, % 3,6 egingo du behera.
Gasaren ordainagiriaren beherakada nazioarteko merkatuetan lehengaiek izandako merketzeak eragin duela azaldu du Espainiako Gobernuko Energia, Turismo eta Agenda Digitalerako Ministerioak.
Hala, gasaren prezioak 2018ra arte merketzeko izandako joera berreskuratu du apirilean, urtarrilean % 6,2 gora egin ostean.