Ekonomia -

AURREIKUSPEN EKONOMIKOA

Eusko Jaurlaritzak % 2,6ra igo du 2018rako hazkunde aurreikuspena

Enplegu sorrerari dagokionez, urte honen amaierarako 17.000 lanpostu sortzea aurreikusi du.

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburua eta Alberto Alberdi sailburuordea. Argazkia: EFE
Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburua eta Alberto Alberdi sailburuordea. Argazkia: EFE
Eusko Jaurlaritzak % 2,6ra igo du 2018rako hazkunde aurreikuspena

1:23

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak % 2,6ra igo du 2018rako aurreikusitako Barne Produktu Gordinaren (BPG) hazkundea, aurrez ezarritakoa baino hamarren bat gehiago. Gainera, enplegu sorrerari buruzko aurreikuspenak ere berrikusi ditu eta urte honen amaierarako 17.000 lanpostu sortzea espero du; aurreko aurreikuspena 15.500 enplegu sortzea zen.

Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak 2017ko laugarren hiruhilekoari buruzko txostena aurkeztu du gaur goizean Bilbon, Alberto Alberdi Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuen sailburuordea alboan zuela.

Espainiako Gobernuak ere hamarren bat igo zuen atzo 2018rako hazkunde aurreikuspena, % 2,7raino.

Azpiazuk azaldu duenez, Ogasun eta Ekonomia Sailak 2017ko laugarren hiruhilekoari dagokion Hiruhileko Txostenean 2018. urterako euskal ekonomiaren koadro makroekonomikoa berraztertu du, eta hamarren bateko goranzko doikuntza bat egin du "hazkunde-profil handi eta iraunkor argiarekin". Barne Produktu Gordinari dagokionez,  2018rako tasa % 2,6ra igo du, eta 2019rako % 2,2ko lehen aurreikuspena egin du. Ogasun sailburuaren hitzetan, Barne Produktu Gordinaren hazkundea bultzatuko duen eragile nagusia barne-eskariak izango da aurrerantzean ere.

Lan-merkatuari dagokionez, 2018an enplegua % 1,9 haziko da Eusko Jaurlaritzaren azken aurreikuspenen arabera, hau da, 17.000 lanpostu inguru sortuko dira (aurreko aurreikuspena 15.500 enplegu sortzea zen eta % 1,7). 2019ari begira, ostera, % 1,4ko aurreikuspena egin du (ia 13.000 lanpostu berri). Azpiazuren esanetan, hazkunde aurreikuspen horiek beteko balira 2006an zegoen enplegua berreskuratuko litzateke 2019an. Hala ere, 2008ko zenbakietara iristeko —"serie historikoko maximoa"—, oraindik 30.000 lanpostu inguru faltako lirateke.

Jaurlaritzaren arabera, 2018an langabezia-tasa % 10,5era murriztuko da eta 2019an, batez beste, % 10,0ean kokatuko da. Ildo horretan, 2019ko bigarren seihilekoan langabezia-tasa % 10,0en azpitik kokatzea aurreikusten du Jaurlaritzak. "Hori horrela bada, legealdiko helburuetako bat beteko litzateke", gaineratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa gaur Eusko Jaurlaritza berriak EAE albisteak Lana berriak Ekonomia berriak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa BPGd