Ekonomia -
TURISMOA
Sartu da indarrean Donostiako pisu turistikoen ordenantza berria
Astelehenean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean, interesa dutenek 10 eguneko epea dute udal erroldan izena emateko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Atzo Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean, gaur sartu da indarrean Donostiako pisu turistikoen ordenantza berria. Araudi horren arabera, etxebizitza turistiko bat izan nahi duenak 10 asteguneko epea du udal erroldan izena emateko.
Enrique Ramos Donostiako Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, lehenengo hamar astegunetan zuzen erregistratutako etxebizitzak apirilaren 12tik aurrera tramitatuko dira, zozketa bidez. Ziur aski, apirilaren amaieran egingo da zozketa (apirilaren 20tik 30era bitartean), atariren batean eskari bat baino gehiago aurkeztuz gero lehentasuna nork duen argitzeko.
Jarduteko gaitasuna duen edozein pertsona fisikok edo juridikok edo haren legezko ordezkariak egin ditzake jarduera jakinarazpenak.
Lehen 10 egun baliodunetan erregistratzen direnekin behin-behineko zerrenda bat egingo da, zozketa egin aurretik, eta interesa dutenek zazpi egun balioduneko tartea izango dute beren jakinarazpena zerrendan ondo sartu dela egiaztatzeko. Epe hori igaro ondoren, behin betiko zerrenda argitaratuko da Donostiako Udalaren webgunean eta iragarki taulan. Horrekin batera, zozketa noiz, zer ordutan eta non egingo den ere zehaztuko da.
Gaur egun, legea betetzen duten erabilera turistikorako 348 etxebizitza daude Donostian.