Ekonomia -
Familia laguntzak
Aitek 12 astez ordaindutako eszedentzia hartu ahal izatea proposatu du Jaurlaritzak
Laguntza hiru hilabetez kobratuko litzateke haurrak urtebete egin aurretik eta ez luke amaren baimenarekin bat egin beharko.
agentziak | erredakzioa
Familia izateagatik amek hartzen duten baimenaren osagarri aitek ere 12 astez ordaindutako eszedentzia hartu ahal izatea proposatu du Eusko Jaurlaritzak, asteazken honetan, Eusko Legebiltzarrean familiaren inguruko eztabaida monografikoan.
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak jakinarazi duenez, umeak urtebete egin aurretik hartu beharko lukete eta ez luke amaren baimenarekin bat egin beharko. Bestalde, Gizarte Segurantzako kotizaio osoa izango lukete.
Estatuan mailan aitatasun-eszedientzen harira ezarriak dauden "baimen urrien" aurrean proposatutako laguntza dela esan Artolazabalek.
Sailburuaren hitzetan, neurri horrek "beste hainbat aldaketa" ekarri beharko ditu lana eta familia bateragarri egiteko laguntzen sisteman, " ahal den neurrian emakumea lan merkatutik ateratzea saihesteko; hori baita, azken finean, egun gertatzen ari dena, eta ondorioz, genero ezberdintasuna eta gizon-emakumeen arteko soldata arrakala areagotzen baita".
Erreforma, diru-sarrerak bermatzeko errentan
Bestalde, Artolazabalek Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) 2008/18 Legearen erreforma proposatuko duela iragarri du, adingabeak zaindu behar dituzten familiek jasotzen dituzten DSBE laguntzen bideratzea hobetzeko.
Esaterako, adingabeak bere gain dituzten familiek DSBE laguntza jasotzeko beharrezko errolda epea bi urtera murriztea proposatuko du Artolazabalek. Halaber, gurasobakarrek egun jasotzen dituzten DSBE laguntzak handitzea proposatzeaz gain, DSBE laguntza jasotzen duten eta genero indarkeriaren biktimak direnei osagarri bat ematea proposatuko du Jaurlaritzak.
Bestalde, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluaren eremuan, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak "25 urte baino gutxiago eta arrisku faktoreak (gurasobarrak, gizarte-bazterketa edo hezkuntza maila baxua)" dituzten amei zuzendutako programa pilotua abian jarriko du.
Legebiltzarreko taldeen iritziak
Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzetan, "erronka handia dugu esku artean; jaiotza-tasarekin baino ondo bizitzearekin harremana duen erronka; sistema bidegabea apurtzearekin eta beste eredu batzuetarantz jotzearekin zerikusia duen erronka, hain zuzen".
Aitor Urrutiaren (EAJ) ustez, jaiotza-tasa txikiak "ez du arrazoi batek soilik eragiten, eta beraz, ez du irtenbide magikorik"; hori dela eta, erakundeen esku hartzea "pertsonen eskubideetan eta ongizatean" oinarritu behar dela esan du.
Tinixara Guantxe (Elkarrekin Podemos) legebiltzarkidearen hitzetan, "Euskadin seme-alabak izateak pobreagoa izatera bultzatzen zaitu", eta ildo horretan, "seme-alaba gehiago izateko bultzatu behar diren politiken inguruan eztabaida egin aurretik, ezarriak dauden politiken arazoei buruz hitz egin beharko genuke".
Gloria Sanchezen iritziz (PSE) , berriz, eztabaida "laguntzaz harago" ezartzea proposatu du, eta "paradigmaren aldaketa" beharrezkoa dela uste du, "egungo politikek argi utzi baitute ez ditugula seme-alabak izaten diru bat jasotzearren"
Azkenik, Laura Garridok (PP), etorkizunean EAEk izango duen egoera demografikoak ekonomian izango duen ondorioa azpimarratu du, eta Eusko Jaurlaritzak azken sei urteotan bultzatutako familia politikak kritikatu ditu, "errealismo eta anbizio gutxikoak" direlako.
Gainera, Administrazioko langileentzako aitatasun baimenen proposamena jarduera ekonomikoaren esparru guztietan ezartzea eskatu du gaur Eusko Legebiltzarrak, “beharrezko ekimenen bidez, baita legeekin ere, beharrezkoak balira”.
Legebiltzarreko taldeek aurkeztutako 155 proposamenak eztabaidatu dituzte arratsaldean, Gasteizko Ganberan.
Testuari talde guztiek babesa eman diote, Elkarrekin Podemosek salbu, koalizio morea abstenitu egin baita. Hala ere, aitatasun baimenen inguruko beste testu bat aurkeztu du koalizioak, eta hori ere onartu egin dute. PPk aurkako botoa eman du eta EH Bildu abstenitu egin da, baina Elkarrekin Podemosen ekimenak EAJren eta PSEren babesa jaso du. Horrela, gurasotasun baimen “berdinak” ezartzeko “beharrezko” lege aldaketak egiteko eskatu diote Gobernu zentralari eta Gorte Orokorrei.
Bestalde, EH Bilduk Elkarrekin Podemosekin testu bat adostu du. Horrela, 18.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten familientzako Haurreskola doakoa izatea eskatu dio Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari. Proposamenak, PP kenduta, talde guztien babesarekin aurrera egin du. Alderdi Popularra abstenitu egin da. 0-3 urte bitarteko hezkuntza “doakoa izateko lehen pauso” bat izatea espero dute bultzatzaileek.