Ekonomia -
LAN GATAZKA
Sestaoko Arcelor Mittalek enpresa-batzordea deitu du, negoziazioari berrekiteko
Horrenbestez, sindikatuek, oraingoz, bertan behera utzi dituzte deituta zituzten lanuzteak. 2015etik hitzarmenik gabe daude Arcelor Mittalek Sestaon duen lantegiko beharginak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arcelor Mittalek Sestaon duen plantako zuzendaritzak enpresa-batzordea deitu du martxoaren 19rako, lan-hitzarmenaren negoziazioari berrekiteko. Sindikatuek lanuzteak bertan behera uztea erabaki ondotik etorri da zuzendaritzaren deialdia.
UGTk, CCOOk, ELAk eta LABek osatzen dute enpresa-batzordea, eta otsailaren 4tik bi orduko lanuzteak deituta zituzten asteburuetan. Atzo, azken orduan, protesta horiek bertan behera uztea erabaki zuten, zuzendaritzarekin bildu ostean.
2015etik lan-hitzarmenik gabe daude Sestaoko ACBko langileak. Sindikatuen esanetan, zuzendaritzak orain arte "ez du erakutsi hitzarmen duin bat adosteko borondaterik".
2016ko irailetik negozio plan berri bat garatzen ari dira Arcelor Mittalen, altzairu berezien produkziora bideratuta.
Gaur kaleratutako ohar batean, enpresako zuzendaritzak hitzarmena negoziatzeko eta adostasun batera iristeko borondatea agertu du, "Sestaoko plantaren bideragarritasuna arriskuan jarriko ez duena", zehaztu du.