Ekonomia -
LAN ESKAINTZA PUBLIKOA
Ia 93.000 lagunek eman dute izena Osakidetzaren Lan Eskaintza Publikoan
Kategoria gehienetan izena emateko epea amaitu da, baina kasu batzuetan martxoaren 19an eta apirilaren 5ean itxiko da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
92.694 pertsonak eman dute izena 2016-2017 ekitaldiko Osakidetzaren Lan Eskaintza Publikoan (LEP). Guztira, 3.335 lanpostu eskainiko dira, eta maiatzean eta ekainean egingo dira azterketak. Kategoria gehienetan amaitu da izena emateko epea, baina kasu batzuetan beranduago itxiko da.
Gehien bat emakumeak dira izena eman dutenak: 70.237 (76 %) emakume eta 22.457 gizon. Jatorriari dagokionez, % 19 inguru, 17.507 pertsona Euskaditik kanpokoak dira.
Atzo (osteguna) lehen 20 kategorietan izena emateko epea bukatu zen; esaterako, eskari gehien dauzkaten laurak: zaintzaileak (18.134 eskari); erizaintza (13.942); erizaintzako laguntzailea (13.692); eta administrazio laguntzailea (13.053).
Era berean, atzo bukatu zen familiako mediku espezialitaterako izena emateko epea: 1500 pertsonak eman dute izena eta, pediatrian, berriz, 179 pertsonak.
Izena emateko epea martxoaren 19ra arte zabalik izango da beste 28 kategoriatan, eta apirilaren 5era arte, azken 38etan.
Hemen daukazue Lan Eskaintza Publikoan izena emateko dokumentua.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, Osakidetzaren Lan Eskaintza Publiko batean inoiz izandako parte-hartzaileen marka gainditu da, baina aldi berean osasun publikoaren historian egin den lan eskaintza handienetako bat ere bada.
Guztira, 3.335 lanpostu eskainiko dituzte, 21 kategoriatan banatuta, eta azterketak maiatza eta ekaina artean egingo dituzte. Lanpostu horietako 3.016 txanda librekoak izango dira, eta 319, barne-sustapenekoak.
[Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoko lanbide kategorien oinarri bereziak, kategoriatan banatuta]
Lan deialdi honen kasuan, berritasun gisa, aurten eta 2019an egingo diren azterketetara aurkezten diren parte-hartzaileek beren puntuazio altuena aukeratu ahal izango dute, aurten lanpostua eskuratzen ez badute.
Espezialitate mediko guztietako hautaprobak Gasteizen egingo dira maiatzaren 12an hasi eta hurrengo hiru asteburuetan jarraian. Gainerako kategoria profesionalen kasuan, azterketak ekainaren 15ean, 16an eta 17an egingo dira Barakaldoko BEC erakustazokan.