Ekonomia -
LAN ESKAINTZA PUBLIKOA
80.000 lagunek baino gehiagok eman dute izena Osakidetzaren Lan Eskaintza Publikoan
Kategoria gehienetan izena emateko epea 14:00etan amaitu da, baina kasu batzuetan beranduago itxiko da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
80.000 pertsonak baino gehiagok eman dute izena 2016-2017 ekitaldiko Osakidetzaren Lan Eskaintza Publikoan (LEP). Guztira, 3.335 lanpostu eskainiko dira, eta maiatzean eta ekainean egingo dira azterketak. Kategoria gehienetan, 14:00etan amaitu da izena emateko epea, baina kasu batzuetan beranduago itxiko da.
Hemen daukazue Lan Eskaintza Publikoan izena emateko dokumentua.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, Osakidetzaren Lan Eskaintza Publiko batean inoiz izandako parte-hartzaileen marka gainditu da, baina aldi berean osasun publikoaren historian egin den lan eskaintza handienetako bat ere bada.
Guztira, 3.335 lanpostu eskainiko dituzte, 21 kategoriatan banatuta, eta azterketak maiatza eta ekaina artean egingo dituzte. Lanpostu horietako 3.016 txanda librekoak izango dira, eta 319, barne-sustapenekoak.
[Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoko lanbide kategorien oinarri bereziak, kategoriatan banatuta]
Lan deialdi honen kasuan, berritasun gisa, aurten eta 2019an egingo diren azterketetara aurkezten diren parte-hartzaileek beren puntuazio altuena aukeratu ahal izango dute, aurten lanpostua eskuratzen ez badute.
Espezialitate mediko guztietako hautaprobak Gasteizen egingo dira maiatzaren 12an hasi eta hurrengo hiru asteburuetan jarraian. Gainerako kategoria profesionalen kasuan, azterketak ekainaren 15ean, 16an eta 17an egingo dira Barakaldoko BEC erakustazokan.