Ekonomia -

EUSKO JAURLARITZA

Artolazabal: 'Diru-sarrerak bermatzeko errentan iruzurra ez da % 1era iristen'

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko batzordean, gizarte-laguntzetan Gipuzkoan atzemandako ustezko iruzurrari buruzko azalpenak emateko.

Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politikako sailburua. Artxiboko argazkia: EFE
Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politikako sailburua. Artxiboko argazkia: EFE
Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politikako sailburua. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika sailburuak astelehen honetan adierazi duenez, diru-sarrerak bermatzeko errentan "kontrolerako bermeak" ezarrita dituzte eta "kudeaketa egoki eta zehatz baten bitartez benetan behar duenari iristen zaio". Are gehiago, iruzurra edo okerreko erabilera ez ei da % 1era iristen.

Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarreko Enplegu, Gizarte Politika eta Gazteria batzordean, gizarte-laguntzetan Gipuzkoan atzemandako ustezko iruzurrari buruzko azalpenak emateko. Laura Garrido PPko legebiltzarkideak egin zuen agerraldi-eskaera.

Pakistango herritarrei diru-sarrerak bermatzeko errenta zein Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza lortzeko dokumentazio faltsua ematen zien talde antolatu bat desegin zuen iaz Espainiako Poliziak Gipuzkoan. Horren harira, 626 espediente berrikusi dituzte eta horietatik 240 bertan behera utzi dituzte. Espainiako Poliziak Jaurlaritzari emandako informazioaren arabera, espediente horiek dokumentu faltsuak zituzten beren baitan.

Sailburuaren esanetan, epaitegiak espedienteen 45 kopia eskatu ditu. Dena den, zuhur mintzatu da espedienteen legez kanpokotasunaren inguruan hitz egiterakoan. "Aurreko urteetan, 90 espediente bertan behera utzi izan dituzte pasaporte faltsuak erabiltzeagatik eta epaiketa eguna iritsi aurretik Fiskaltzarekin akordio batera iritsi eta espedienteak onartu behar izan genituen", nabarmendu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Legebiltzarra bideoak EAE Iruzurrak Ekonomia berriak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa