Ekonomia -

Greba feminista

Martxoaren 8ko grebarako gutxieneko zerbitzuak

Greba-eskubidea "urratzea" leporatu diote ELA, LAB, STEE, ESK, HIRU eta Etxalde sindikatuek Eusko Jaurlaritzari. Horregatik, helegitea aurkeztu dute.

EiTBren artxiboa.
EiTBren artxiboa.
EiTBren artxiboa.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martxoaren 8rako deituta dagoen greba feministaren harira, gutxieneko zerbitzuak finkatu ditu Eusko Jaurlaritzak eta, besteak beste, % 30 izango dira garraioan eta ospitaleetan, ostera, jaiegunetan lan egiten duten adina pertsonak egingo dute lan.

Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean argitaratu ditu osteguneko Emakumeen Nazioarteko Egunerako ezarritako gutxieneko zerbitzuak.

Euskal Herriko gehiengo sindikalak (ELA, LAB, Steilas eta ESK) lau orduko lanuzteak proposatu dituzte: goizean, 11:00etatik 15:00etara; arratsaldean, 18:00etatik 22:00etara. UGT eta CCOO sindikatuek, berriz, bi orduko lanuzteak deitu dituzte: 11:30etik 13:30era eta 16:00etatik 18:00etara. CGT edo CNT sindikatuek, ostera, egun osoko greba deialdia egin dute.

Garraioan, esaterako, % 30eko gutxieneko zerbitzuak izango dira lanuzte orduetan autobusetan, trenetan, tranbietan, metroan edo itsasontzietan. Euskotren, Metro Bilbao, tranbia, autobus edo itsasontzi zerbitzuetan ohiko lanegunetako lantaldearen % 30 egon beharko da lanean, autobideetan jaiegunetan adina langile egongo dira, trafiko gehieneko orduetan izan ezik, eta gasolindegietan ostera gutxieneko zerbitzuak % 20 izango dira.

Ospitaleetan jaiegunetan adina langilek egingo dute lan eta lehen mailako osasun arretan, berriz, larunbatetan adina beharginek. Larrialdi zerbitzuek eta Etengabeko Arreta Guneetan, hala ere, ohiko zerbitzua osorik mantenduko da.

Hezkuntza alorrari dagokionez, unibertsitatetik kanpoko ikastetxe pribatu eta kontzertatu guztiek ateak zabalik izan beharko dituzte, zuzendaritzako kide batek edota menpeko batek egon beharko du. Haurreskolatan eta unibertsitateetan, berriz, gutxienez, kooedinatzaile batek edo atezainak egin beharko du lan, baita Musikenen edo herrietako udal musika eskolatan.

Larrialdietako zerbitzuetan, suhiltzaileak kasu, jaiegun bat bailitzan moduan lan egingo dute.

Adineko zentroetan langileen % 50ek egingo dute lan, baina otordu garaietan % 60ra igoko da. Menpekotasunen bat duten pertsonak dauden zentroen kasuan, gutxieneko zerbitzuak % 70 izango dira.

Bestalde, EiTBk ohiko ordutegian albiste zerbitzuak ziurtatu beharko ditu.

Sindikatuek helegitea aurkeztu dute

Greba-eskubidea “urratzea” leporatu diote ELA, LAB, STEE, ESK, HIRU eta Etxalde sindikatuek Eusko Jaurlaritzari; izan ere, aurreko lanuzteetan agindutako gutxieneko zerbitzuak “gogortu” ditu. Horregatik, helegitea aurkeztu dute.

Helegitean, agindua bertan behera uzteko eskatu dute sindikatuek, planteatutako gutxieneko zerbitzuak “gehiegizkoak” direlako eta “langileen greba-eskubidea urratzen” dutelako.

Sindikatuen hitzetan, Martxoak 8ko greba babestuko ez duela “argi utzi du” Eusko Jaurlaritzak, berdintasun politikak “egun guztietan, ez bakarrik data horretan, aurrera eraman” behar direla argudiatuta.

Horretarako, 15 minutuko elkarretaratzeetan parte hartzera deitu du, gogorarazi dutenez. Sindikatuen arabera, “guztiz azaleko apustu bat dela begi-bistakoa da”.

Eusko Jaurlaritzaren jarrera ikusita, “mota horretako neurriak ezartzea ez da harritzekoa”, adierazi dute sindikatuek. Hala ere, “greba egin nahi duten emakumeen eskubidea urratzea bidegabekeria da”, salatu dute.

“Botere-abusu” honen aurrean, Martxoak 8ko greba feministaren inguruan deitutako mobilizazioetan eta ekintzetan parte hartzeko eskatu diete sindikatuek emakumeei, “jardunaldiak arrakasta historikoa izateko”.

Gutxieneko zerbitzuak Nafarroan

Era berean, Nafarroako Gobernuak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu; larrialdi eta premiazko zerbitzuen kasuan % 100koak izango dira. Babes zibileko zerbitzuetan premiazko jarduerak edo larrialdiak % 100ean bermatuko dituzte, Exekutiboaren arabera.

Administrazio zerbitzuetan, herritarrak artatzeko puntuetan jarduera bermatuko dute gutxieneko zerbitzuek, Foru Gobernuak agiri batean azaldu duenez. Deitzaileei, lantokiei eta beharginei gutxieneko zerbitzuen berri eman dietela erantsi du.

Oro har, Osasunbidean jaiegun baterako plangintza errepikatuko da eta ezinbestekoak diren zerbitzuak bermatuko dituzte: ospitaleratzea, planifikatutako jarduera edo premiazko ebakuntzak.

Zahar-etxeetako langileek jaiegunetako ordutegia eta zerbitzua beteko dute.

Hezkuntza ez unibertsitarioko zentroetan zuzendaritza eta ikasketa arduradun bat izango da, Haur eta Lehen Hezkuntzan irakasle bat ikasle heren bakoitzeko eta irakasle bat ikasle laurden bakoitzeko DBHn. Gainera, garraio eta jantokia duten ikastetxeetan, aldaketei aurre egiteko neurriak hartu beharko dituzte.

Barne Kontseilaritzaren kasuan, zerbitzuaren % 100eko zerbitzua bermatuko dute larrialdiko osasun aire-garraio, erreskate, babes zibil, suhiltzaile eta Foruzainen lanean.

Era berean, Justizia Administrazioan gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte. Fiskaltzaren menpeko organoek eta Nafarroako Berdintasun Institutuak emakumeen aurkako indarkeriaren biktimak artatzeko jaiegunetako baliabideak prest izango dituzte. Bestalde, Landa-garapenean toki eta txanda bakoitzeko basozain bakarra planifikatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Indarkeria matxista Eusko Langileen Alkartasuna albisteak LAB Grebak gaur Metro Bilbao Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Euskotren Sindikatuen azken ordukoa Matxismoa Feminismoa gaur Steilas azken ordukoa ESK sindikatua gaur Emakumeen Eguna