Ekonomia -
SOLDATA BERDINTASUNAREN EGUNA
Soldata arrakalak berdintasun eza 'betikotzen' duela salatu du Emakundek
Emakumearen Euskal Erakundearen esanetan, gizarteak gai honetaz duen kontzientzia ez da arazoaren garrantzi eta larritasunaren neurri berekoa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak gaur salatu duenez, "soldata diskriminazioa da gaur egun emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasuna eragin eta betikotzen duen faktoreetako bat". Ildo horretan, gai honetaz gizarteak duen kontzientzia arazoaren garrantzi eta larritasunaren neurri berekoa ez izatea deitoratu du.
Emakume eta gizonen arteko soldata berdintasunaren egunaren bezperan, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) emakume eta gizonen arteko soldata diferentzia 7.551 eurokoa dela azpimarratu du Emakundek.
Zehatz-mehatz esanda, EAEko langile bakoitzak batez beste urtean 31.088 euro irabazten ditu gizonezkoen kasuan eta 23.537, ostera, emakumezkoen kasuan. Sektoreka, zerbitzuetan izan ohi dira diferentzia handienak, hain zuzen ere, emakume gehien dauden sektorean.
"Datuak argiak badira ere, askotan iritzi publikoak zailtasunak izaten ditu diskriminazio hau eragiten duten faktoreak zehazteko, eta, ondorioz, gai honetaz gizarteak duen kontzientzia ez da izaten arazoaren garrantzi eta larritasunaren neurri berekoa", adierazi du.
Emakundek azaldu duenez, zereginen bereizketa da era honetako diskriminazioaren jatorrian dagoen faktoreetako bat. Ez hori bakarrik, Emakunderen arabera, emakumea lanpostu konkretuetara bideratzen da eta lidergo postuetara heltzea eragozten zaio. "Bereizketa honen ondorioz, emakumeak ugarien diren hainbat lanpostu daude, eta ordainsaria eskasagoa izaten da hauetan. Honekin batera, kontuan izan behar da askotan emakumeak malgutasun handiagoko lanpostuak aukeratzen dituela lanean eta familian dituen eginbeharrak orekatu ahal izateko, eta horrek zereginen bereizketa hori indartzen duela", gaineratu du.
Horren ondorio da, Emakunderen hitzetan, EAEn zatikako kontratua duten lanpostuen %80 baino gehiago emakumeek betetzea.
Bestalde, kontratu mota, iraupen eta okupazio berdina izan arren, emakumeen eta gizonezkoen artean aldeak antzematen direla ere salatu du Emakundek.