Ekonomia -
Industria datuak EAEn
Industriaren produkzioa % 3 hazi zen 2017an EAEn
Industriaren produkzioa % 3,3 hazi zen Araban eta Bizkaian, eta % 2,4, berriz, Gipuzkoan.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) industriaren produkzioa % 3 hazi zen 2017. urtean, aurreko urteko datuekin alderatuta. Araban eta Bizkaian, % 3,3ko hazkundea izan zuen indizeak, eta Gipuzkoan, berriz, % 2,4koa, Eustat Estatistikaren Euskal Erakundeak astearte honetan zabaldutako datuen arabera.
Euskal industrian pisurik handiena duten sektoreei dagokienez, kautxu, plastiko eta metalezkoak ez diren beste produktu mineralek % 7,4ko hazkundea izan zuten iaz. Industria kimikoaren (% 5,6) eta produktu informatiko, elektroniko eta optikoaren (% 5,5) sektoreek ere hazkunde aipagarriak izan zituzten.
Kontrako muturrean, ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta zapatagintza (-% 3), produktu farmazeutikoen fabrikazioa (-% 2,4) eta material eta ekipo elektrikoa (-% 0,6) dira jaitsiera handienak izan dituzten sektoreak.
Industria sektore handiei dagokienez, bitarteko ondasunek % 5,4ko hazkunde metatua izan zuten, energiak % 2,9koa eta kontsumo ondasunek % 2,5ekoa (ez iraunkorrek % 1,5 egin zuten behera eta iraunkorrek % 13,5 gora). Ekipo ondasunek ez zuten aldaketarik izan.