Ekonomia -
Marka historikoa
Diru-bilketak % 11,7 gora egin du Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban, 2017an
EAEko hiru ogasunek 14.473,7 milioi euro bildu dituzte, errekor historikoa; izan ere, 2007ko, krisi aurreko, marka gainditu dute. Orduan 13.772 milioi bildu zituzten.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko hiru ogasunek 14.473,7 milioi euro bildu zituzten 2017an, 2016an baino % 11,7 gehiago, errekor historikoa; izan ere, 2007ko, krisi aurreko, marka gainditu dute. Orduan 13.772 milioi bildu zituzten. Are gehiago, Eusko Jaurlaritzak iragan urrian egindako aurreikuspenak hobetu dituzte.
Horrela, diru-sarrera handiagoak izan dira, 2016an baino 1.523 milioi euro gehiago, hain zuzen ere. Zenbaki absolutuetan gorakada historiko handiena izan da.
Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak diru-bilketa 14.367 milioikoa izango zela aurreikusi zuen iragan urrian, baina azkenean iragarpen horiek ere 106,7 milioitan gainditu dira.
Hala ere, tributu itunduen igoera historiko hori BEZren diru-bilketagatik gertatu dela kontuan izan behar da, iragan maiatzean, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan adostutako akordioen ondorio dira, alegia.
Bildutako 14.473,7 milioi horietatik 600 bat akordio horren ondorio dira, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko iturriek zehaztu dutenez. Honenbestez, horiek kontuan hartuko ez balira diru-bilketaren benetako gorakada % 7 ingurukoa izango litzateke.
Araba, nagusi
Lurraldeka, igoerarik handiena Araban gertatu da, 2.303 milioi bildu dituzte bertan, aurreko ekitaldian baino % 13 gehiago. Bizkaian, 7.500,5 milioi bildu dituzte, 2016an baino % 11,7 gehiago, eta Gipuzkoan 4.670,2 milioi, % 11,3 gehiago.
Bildutako 14,473,7 milioi horietatik, 5.132,1 PFEZren bidez jaso dira (% 6 gora), 1.111,6 bazkun-zerga (% 10,8 gora), ia 6.000 milioi BEZaren bidez eta beste 1.273,7 milioi hidrokarburoen gaineko zergarekin.
Finantza Publikoen Euskal Kontseilua otsailaren 13an bilduko da, ekitaldiari behin betiko amaiera emateko.