Ekonomia -
Kontsultaldiaren bukaera
Aurretiko 33 erretiro eta 8 kaleratze adostu dituzte Bergarako Arcelor Mittalen
Zuzendaritzaren proposamena erreferendumean onartu zuten langileek, abenduaren 18an. Aldeko 96 boto jaso zituen eskaintzak. 96 beharginek parte hartu zuten bozketan; guztira, 150 dira lantegian.
Agentziak | Erredakzioa
Gatazka kolektiborako prozeduraren negoziazio batzordeak eta enpresako zuzendaritzak akordioa itxi dute Bergarako (Gipuzkoa) Arcelor Mittalen. Horrela, 33 langilek aurretiko erretiroa hartuko dute, eta beste zortzi kaleratze boluntario izango dira lantegian.
Arcelor Mittalek agiri batean azaldu duenez, gaur sinatu dute akordioaren azken akta, eta horrela 2017ko urriaren 24an hasitako kontsultaldia bukatu da.
1956 eta 1959 artean jaiotako 33 langilek aurretiko erretiroa hartuko dute. Gizarte Segurantzako kotizazioaz gain, ordainsariaren % 85 jasoko dute konpainia uzten duten unetik behin betiko erretiroa hartzeko urtebete falta den egunera arte.
Akordioaren arabera, zortzi kaleratze boluntario izango dira lantegian, dagozkien kalte-ordainekin. Horretarako prest dauden beharginek urtarrilaren 20ra arteko epea dute boluntario aurkezteko. Edozein kasutan, eskakizun bakoitza onartzeko eta ukatzeko azken hitza enpresak izango du.
Aldez aurretik, orain adostutako akordioa, zuzendaritzaren proposamena, erreferendumean onartu zuten langileek, abenduaren 18an. Aldeko 96 boto jaso zituen eskaintzak. 96 beharginek parte hartu zuten bozketan; guztira, 150 dira lantegian.