Ekonomia -

Gipuzkoa

Hiruk ez du bat egingo garraiolariek deitutako protestarekin, 'berandu' baitator

Kargatzaileek bidesaria bere gain har dezaten "borrokatzen" jarraituko duela esan du sindikatuak, haiek baitira "trafikoaren sortzaile eta zaramaren mugimenduaren erantzule".

Protestak kamiolarien artean
Protestak kamiolarien artean
Protestak kamiolarien artean

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioarteko garraiolariek  urtarrilaren 2tik 5era deitutako protestarekin ez du bat egingo Hiru sindikatuak, bere ustez berandu baitator. Kamioientzako N-1eko bidesaria urtarriletik aurrera jarriko dute martxan.

Hiru sindikatuko kideek batzarra egin dute larunbat honetan. Hala, Batzorde Nazionalaren helburua Gipuzkoako Aldundiari "presio" egitea bazen, protesta berandu datorrela nabarmendu du. Izan ere,  ordainketa urtarrileko lehen astetik aurrera jarriko dute martxan.

Bestalde, nahia kargatzaileei presioa egitea bazen, "berandu" dela ohartarazi du Hiruk. Ildo horretatik, garraiolariak jada kargatzaileekin negoziaketak egiten hasi direla azaldu du. "Batzuk lortu dute bere gain hartzea, besteek ez", gaineratu du sindikatuak.

Gainera, lanuzteak "oso jarduera gutxiko" aste batean egitea proposatu dela esan du Hiruk ohar batean. Gauzak horrela, gatazkari "benetako irtenbide bat" bilatzeko saiakera izan beharrean "garraiolarien aurrean ongi geratzeko proposamena besterik ez da".

Horretaz gain, Gipuzkoako Aldundiaren "presio politika" salatu du Hiruk, "bidesaria ordaindu ezean isun mehatxuak etengabeak baitira".

"Zeren beldur dira? Gu erabiltzaile eta ordaintzaile gatibuak garela argi dago. Egoera berdinean al daude teorian bidesaria zuzentzen zitzaien kanpoko garraiolariak", galdetu diote bere buruari.

Azkenik, kargatzaileek bidesaria bere gain har dezaten "borrokatzen" jarraituko dutela esan dute Hiruko kideek, sindikatuaren esanetan, haiek baitira "trafikoaren sortzaile eta zaramaren mugimenduaren erantzule".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Albisteak Gipuzkoa Grebak Lana albisteak Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia azken ordukoa Kamioientzako bidesariak Sindikatuak