Ekonomia -
NAFARROA
Nafarroak 3.883 milioi euroko aurrekontu aurreproiektua onartu du 2018rako
Aurtengo aurrekontu proiektuarekin alderatuta, % 4 handiagoa da (152 milioi gehiago), eta erdia baino gehiago gizarte alorrera bideratuko da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Gobernuak 3.883 milioi euroko aurrekontu aurreproiektua onartu du 2018rako, iazkoa baino % 4 handiagoa da (152 milioi euro gehiago) eta erdia baino gehiago gizarte politikara bideratuta egongo da.
Mikel Aranburu Ogasun kontseilariak prentsaurrekoan adierazi duenez, Foru Gobernuak urtea amaitu aurretik Aurrekontuak onartzea aurreikusten du, nahiz eta atzerapen pixka batekin joan.
Aurrekontuak Foru Gobernua sostengatze duten lau alderdien artean negoziatu badituzte ere, Ogasun kontseilariak ez du baztertzen Nafarroako Parlamentuan egingo den tramitazioan lau alderdi horietakoren batek zuzenketak aurkeztea.
Kontseilariaren esanetan, aurrekontu hauek "aurreko urtean izandako aurrekontuaren igoera handiaren finkatzea ekartzen dute, eta pisu nabaria ekartzen dute gizarte-arloetan nahiz ekonomiaren sustapenean".
Horrela, 3.883 milioi euroko gastu ez-finantzarioa aurreikusten du Foru Gobernuak, 2017an baino 152 milioi euro gehiago. Gizarte-arloak dira aurrekontuan pisurik handiena dutenak, eta gastu ez-finantzario osoaren % 55,4 hartzen dute.
Argazkia: Nafarroako Gobernua.
Sailez sail, Garapen Ekonomikoko aurrekontua % 9,5 handitu da aurreko urteko aurrekontuaren aldean, eta bere gastu-muga 243 milioira igo da. Halaber, Abiadura Handiko Trenara "diru-partida tekniko bat" bideratu du Foru Gobernuak, "esku hartzearen eskakizunengatik".
Eskubide Sozialen aurrekontuak gora egin du, % 4,89, 2017. urtearen aldean (% 19 2016. urtearen aldean). Horri esker, gizarte-eragile berriekin akordio berria abian jarriko da, enpleguko politika aktiboen arloan, etorkizuneko Enplegu Planaren barruan, 188 milioiko inbertsioarekin hurrengo urteetan (46,5 milioi 2018rako), langileen prestakuntzari laguntzeko, enpresa eta autonomiei laguntzeko eta zailtasunak dituzten taldeak laneratzeko, hala nola iraupen luzeko langabeak, desgaitasuna duten pertsonak, emakumeak eta gazteak.
Aurrekontu proiektuaren zatirik handiena Osasunak hartzen du, 1.059 milioi euro (% 4,6 gehiago). Diru horretatik 154 milioi Lehen mailako arretaren zerbitzua hobetzeko eta estrategia berri bat ezartzeko erabiliko dira. Halaber, itxaron zerrendak murrizteko 1,5 milioiko aurrekontua egingo du langileen arloan. Horrez gain, 2 milioi euro erabiliko dira kopagorako.
Hezkuntzaren aurrekontua % 1,29 handitu da, 651 milioi eurora heldu arte. Honek % 8,41eko igoera ekarri du 2016ko aurrekontuen aldean.