Ekonomia -

Ogasuna

Erreforma fiskala adostu dute EAJk eta PSEk

EAEko hiru lurraldeak berdintzea aurreikusten du erreformak. Araban, gutxienez beste talde baten babesa beharko dute.

Gonzalezek beste taldeen babesa beharko du, Olanok eta Rementeriak ez bezala / EFE.
Gonzalezek beste taldeen babesa beharko du, Olanok eta Rementeriak ez bezala / EFE.
Gonzalezek beste taldeen babesa beharko du, Olanok eta Rementeriak ez bezala / EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euzko Alderdi Jeltzaleak eta Euskadiko Alderdi Sozialistak akordioa lortu dute hurrengo ekitaldirako erreforma fiskala burutzeko, Sozietate eta Ondare zergak aldatuta. Eusko Jaurlaritzan eta foru aldundietako gobernuetan daude bi alderdiak.

EAJk eta PSEk adierazpen bateratua igorri dute hitzarmenaren berri emateko. Hiru proiektu desberdinetan gauzatuko da akordioa.

Bizkaia eta Gipuzkoa ez dira oztopo EAJ eta PSErentzat, nahikoa babesa dutelako bi batzar nagusietan, baina Araban ez dute gehiengorik, eta gutxienez beste talde baten laguntza behar izango dute. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak kontaktu erronda bati ekingo dio, baina esan duten bezala, beste lurraldeetan ere babes zabalagoa bilatuko dute.

EFEren arabera, proiektuak ez du Soziezate zergaren tasa nominala aldatuko (%28), eta kenkari batzuk aldatuko dira enpleguaren sorrera eta I+G+b inbertsioaren alorrean.

Enpleguaren sorreragatik kenkariak izateko, sortutako lanpostuek gutxieneko soldataren %175a izan beharko dute gutxienez, eta gutxienez bi urteko luzeera izan beharko dute.

Ondasun zergan, harmonizazioa proposatzen dute Arabaren irizpideen inguruan, bere garaian Gipuzkoan Bilduk eta PSEk onartutako Aberastasunaren eta Fortuna Handien Zerga aldatuta.

Azaldu duten moduan, akordioaren helburu nagusia da "erreferentzia erakargarriari eustea, enpresen aldetik inbertsioak egin daitezen; kalitatezko enplegua sustatzea eta zerbitzu publikoei eusteko behar diren baliabide nahikoak bermatzea".

Biek 2013an egindako erreforma fiskalaren "balantze positiboa" egiten dute, eta esan duten bezala, oraingo helburua "gaur egungo araudia hobetzea" eta orain dela 4 urtekoan "jasotako helburuak lortzea".

Oposizioaren erreakzioa

Leire Pinedo EH Bilduko legebiltzarkideak asteazken honetan adierazi duenez, EAJk eta PSE-EEk erdietsitako adostasunak ez du diru bilketa handitzea eta gizarte politiken "norabide aldaketa" ekarriko. Europa Press albiste agentziari egindako adierazpenetan esan duenez, benetan ez da zerga erreforma bat, "zerga konkretu batzuetan egindako moldaketak" baizik. Haren esanetan, EH Bilduk aspaldidanik eskatua du sakoneko zerga erreforma bat egitea eta gogoratu du Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak ere gauza bera eskatu zuela urtearen hasieran. "Eta gu horrekin ados geunden, baina mahai gainean jarri behar dutena ez da EH Bilduk aspaldidanik eskatzen duen erreforma sakon hori", gaineratu du.

Haren esanetan, EAJren eta PSE-EEren proposamena Eusko Jaurlaritza osatzen duten alderdien "kudeaketa txarraren, ageriko ezgaitasunaren fruitua da, izan ere, "uda aurretik aurkeztuko zutela esan zuten". "Azaroan gaude eta ez dirudi aurkeztuko dutena sakoneko erreforma bat denik", kritikatu du.

Elkarrekin Podemosek ere gogor kritikatu du jeltzaleen eta sozialisten arteko akordioa eta sakoneko zerga erreforma bat eskatu du. Julen Bollain Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak azpimarratu duenez, sakoneko erreforma fiskal bat beharrezkoa da "gure zerbitzu publikoak bermatu ahal izateko".

Borja Semper Euskadiko PPk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak ziurtatu duenez, EAJren eta PSE-EEren arteko akordioa "akats politikoa eta galdutako aukera da", Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan "moldaketa txikiak" eta Sozietateen eta Ondarearen gaineko zergetan "aldaketa" batzuk baino ez direlako egin.

Radio Nacional irrati kateari egindako adierazpenetan ziurtatu duenez, jeltzaleen eta sozialisten arteko akordioa "aukera galdua da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Bizkaia Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Euskal sozialistak Albisteak Gaur Albisteak Zerga politika gaur