Ekonomia -
Industria
Bergarako lantegian behargin kopurua murriztea planteatu du Arcelorrek
150 langile ditu Bergarako fabrikak. Olaberriako lantegiak ekoitzitako altzairuarekin eraikuntza sektorerako produktuak egiten dituzte Bergaran.
Agentziak | Erredakzioa
Lantegiaren lehiakortasuna bermatzeko “berrantolaketa” bat egiteko beharra planteatu die Arcelor Mittal multinazionaleko zuzendaritzak Bergarako (Gipuzkoa) fabrikako langileei. Litekeena da langile kopurua murriztea.
ELA sindikatuak agiri batean azaldu duenez, “Bergarako fabrikan lanpostuak berriz murrizteko” asmoa azaldu zion atzo siderurgia multinazionaleko zuzendaritzak enpresa-batzordeari.
Enpresako iturriek jakitera eman dutenez, enpresa-batzordearekin bilerak iragan uztailean hasi ziren. Lantegiaren “bideragarritasuna sendotzeko antolakuntzan aldaketak egitea beharrezkoa” dela uste du zuzendaritzak. Olaberriako lantegiak ekoitzitako altzairuarekin eraikuntza sektorerako produktuak egiten dituzte Bergaran.
Urriak 24: kontsulta epea
Lanpostuak egokitzeko, neurriak adosteko kontsulta epe bati hasiera emango dio enpresak urriaren 24an, multinazionaleko iturriek jakinarazi duenez. 150 langile ditu Bergarako fabrikak.
ELAren hitzetan, logistika kanpora eramateko aukera planteatu du enpresak, edo bestela, langileen aurretiko erretiroa.
“Itxiera”
Multinazionalak lantegia bereganatu zuenetik “enpresarekin konpromiso bat azaltzeko inbertsiorik egin ez” duela kritikatu du ELAk. Orduz geroztik, “langile kopuruak behera egin du etengabe”, erantsi du sindikatuak.
“Lanean ari direnen batez besteko adinak Arcelor Mittalen helburu argia agerian uzten du: urte gutxi barru lantegia ixtea”, gaineratu du ELAk.
Kritikak Eusko Jaurlaritzari
ELAk Eusko Jaurlaritzaren aurka egin du, “patronalen eta enpresen aurrean belaunikatzen ari delako, trukean konpromisorik gabeko diru-laguntzak ematen dituelako”.
“Arcelor Mittal Euskal Herriko industria galeraren eragile izaten ari da, bitartean Arantxa Tapia sailburuak ez du enpresari babesa emateko batere arazorik, bere lantegiak bisitatuz, aurten egin bezala”, deitoratu du ELAk.