Ekonomia -
Pisu turistikoak
Donostiak ez du pisu turistiko gehiagorik baimenduko Parte Zaharrean
Udalaren aburuz, Parte Zaharra eta portua 'gune aseak' dira, eta, hartara, ez da lizentzia gehiago emango egun indarrean edota tramitatzen daudenak salbu.
Agentziak | Erredakzioa
Donostiako Udal Gobernuak pisu turistikoen gaineko araudia onartu du gaur, behin-behinean. Horrenbestez, Etxebizitza turistikoen erabilera urbanistikoa eta ohiko etxebizitzako gelak erabilera turistikorako alokatzea arautzen duen ordenantzaren arabera, Parte Zaharra eta Portua "zona aseak" dira eta, horrenbestez, ezin izango dituzte lizentzia gehiago hartu, egun daudenak edo bideratzen ari direnez gain.
Eneko Goia Hiriko alkateak eta Enrique Ramos Hirigintza Sostengarriko zinegotziak aurkeztu dute arau berria. Udalbatzak berretsi egin behar du indarrean sartu aurretik, eta hori datorren urtarrilean gertatzea aurreikusten dute.
Ordenantza berriak araubide desberdineko 3 zonatan zatitzen du hiria:
A gunea: Parte Zaharra eta portua sartzen dira bertan, eta, araudiaren arabera, pisu turistiko gehiago jartzeko lekurik ez dago bertan, "aseta" baitago. Horrenbestez, erabat debekatuta dago etxebizitza turistikoak ezartzea edo gelak erabilera turistikorako alokatzea.Dena den, gune asea izendatzeak ez du eraginik izango dagoeneko baimena duten higiezinen edo jakinarazpena erregistratu eta aldeko hirigintza txostena duten horien gain.
B gunea: Gros, Amara –Pio XII.a kalera arte—, Frantzia pasealekua, Egiako zati bat eta Antiguako zati bat.
Leku hauetan bizitegi eraikin bat zati batean okupatzea baimentzen da, honako irizpide hauek beteta:
a) Arau orokorrek arautzen dutena baimenduko da behe solairuko etxebizitzetan.b) Lehen solairuan, gainerako etxebizitzekin batera sarbide komuna duten etxebizitza turistikoak baimenduko dira, baldin eta haien azalera erabilgarria, eraikinaren gainerako erabilera tertziarioei batuta, 250 metro koadro erabilgarrikoa edo txikiagoa baldin bada eraikin guztian.c) Goiko solairuetan, gainerako etxebizitzekin batera sarbide komuna duen etxebizitza turistiko bat baimen daiteke, baldin eta haren azpian dauden etxebizitzek ez badute bizitegi erabilerarik edo ez badute erabilera hori iragarrita; hori horrela, azpiko solairu horiek guztiek bestelako erabilera baimenduak izan behar dituzte, eta haren azalera erabilgarriak, bizitegikoak ez diren gainerako erabilerak dituztenei batuta, 250 metro koadrokoa edo txikiagoa izan behar du eraikin guztian.
Gainerako etxebizitzekin sarbide komuna duen etxebizitza bakar bat erabiltzea baimentzen da gutxienez zazpi solairu (beheko solairua gehi beste sei) duten eraikinen goiko solairuetan, eta beste etxebizitza turistiko bat sei solairuen multzo gehigarri bakoitzeko (solairu gehigarri horietako edozeinetan jar daiteke). Baimen hori emango da, baldin eta aurrez adierazi diren egoeretan ez baldin bada gainditzen, eraikin osoan, erabilgarriak diren 250 metro koadroko langa bizitegikoak ez diren erabileretan.
C gunea: Hiriko gainerako guneak
- B guneko pisuen araubide bera izango dute (behe solairuan eta lehen solairuan baimentzen da, edo lehena baino goragokoren batean, baldin eta azpikoetan ez badago bizitegi erabilerarik aurreikusita).- Bi etxebizitza turistiko baimen daitezke gutxienez zazpi solairu dituzten eraikinen goiko solairuetan, eta bi etxebizitza gehiago sei solairuko multzo gehigarri bakoitzeko, solairu gehigarri horietako edozeinetan.Adierazi diren egoera horiek baimentzeko baldintza izango da, beti, bizitegikoaz besteko erabileren azalera erabilgarria ez izatea 350 metro koadrotik gorakoa eraikin osoan (etxebizitza turistikoaren azalera sartuko da hor) eta erabilgarriak diren 250 metro koadroen muga ez gainditzea, etxebizitza turistikoak kanpo, beti ere eraikineko ataritik sarrera komuna baldin badauka.
Aurretiazko jakinarazpena
Eneko Goiak adierazi duenez, etxebizitza bati erabilera turistikoa eman nahi diotenek aldez aurretik jakinarazi behar dute etxebizitza horren erabilera eta jarduera sailkatua. Horrez gain, ohiko etxebizitza bateko gelak alokatzeko asmoa izanez gero, jarduera horren sustatzaileak etxebizitza horretan bizi behar du eta etxebizitza horretan izan behar du erroldatuta.
Alkatearen esanetan, etxebizitza batek erabilera turistikorako Eusko Jaurlaritzaren zerrendan erregistratuta egoten jarrai dezan, udal araudia bete beharko du, eta horrek "arazketa" eragingo du. Izan ere, une honetan, Donostiako 1.200 etxebizitza daude Eusko Jaurlaritzaren zerrenda horretan, eta araudi berria aintzat hartuta horietako "% 27k" besterik ez lukete bertan iraungo.
Ikuskaritza lantaldea
Era berean, araudi berria zuzen betetzen ari dela gainbegiratuko duen lantaldea martxan jartzeari oniritzia eman dio Udalak. Lantalde hori 10 pertsonaz egongo da osatuta (bost udaltzain eta hirigintzako bost teknikari). Hartara, iruzurrik hautematen baldin bada, etenarazi egingo da jarduera, eta araudia urratzen dela ondorioztatzen bada, jarduera itxi daiteke, dagokion espedientea izapidetu ondoren, eta 5.000 eurotik 50.000 euro bitarteko isunak ezarriko ahal izango dira.
"1.500 etxebizitza legez kanpo"
Amaia Almirall eta Josu Ruiz EH Bilduko bozeramaileek "premiazko" balorazio bat egin dute araudi berriaren gainean, nahiz eta hari buruzko "orrialde bat bera ere" ez duten jaso oraindik.
"Informazio kontrajarriak besterik ez ditugu", adierazi du Almirallek. Azterketa sakonagoa egin aurretiaz, une honetan indarrean dagoen araudiaren arabera dagoeneko "legez kanpoko 1.500 etxebizitza daude hirian, itxi egin behar direnak".
Ohartarazi dutenez, ordenantza berriaren izapidetzea "ezin daiteke erabili" legez kanpoko etxebizitzak legeztatzeko "amnistia ezkutu" gisa.