Ekonomia -

Ortuella

‘Berregituraketa’ garatuko duela esan dio General Electricek Jaurlaritzari

Beharginek epaitegietara joko dutela iragarri dute, Bizkaiko lantegi horren “itxiera saihesteko”. Halaber, "aurretik prestatutako itxiera" dela ziurtatu dute.

General Electric. Argazkia: EiTB
General Electric. Argazkia: EiTB
General Electric. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

General Electric Renewable Hydrok Ortuellan (Bizkaia) duen lantegian “berregituratze plana” garatuko duela baieztatu diote multinazional horretako arduradunek Eusko Jaurlaritzari. Enpresa horrek Europako enpresa-batzordeari jakinarazi dionez, beste herrialde batzuetan ere lantegiak itxiko dituzte, ez soilik Bizkaian.

Bill Armstrong Europako General Electric Hydroren arduradunak bere asmoen berri eman die zuzendaritzari, langileen batzordeari eta beharginei. Zehazki, berregituraketa horrek Ortuellako lantegia ixtea ekarriko luke eta hamabi langile soilik jarraituko lukete lanean, bulego batean.

Halaber, multinazional horretako arduradunak Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegiturak Saileko buruarekin bildu dira. General Electriceko ordezkariek azaldu dutenez, berregituratze planak Europako lantegi guztietan izango du eragina, Frantzia eta Suitza barne, multinazional horren “lehiakortasun falta dela eta”.

Une honetan, prozesua “hasierako fasean” egongo litzateke, eta, horrenbestez, enpresa-batzordeari eta langileei haien asmoen berri eman dizkiete. Alabaina, irailera arte ez dituzte negoziazioak hasiko.

Europa Press albiste agentziak aipatuta Eusko Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez,  GE Renewable Hydro multinazionalak Euskadin lantegiak izaten jarraitu nahi du. Hala, Ortuellako beharginak Zamudio edota Andoaingo lantegietan kontratatzeko aukera aztertuko dute arduradunek.

Langileek epaitegietara joko dute

General Electric enpresak Ortuellan duen lantegiko beharginek iragarri dutenez, epaitegietara joko dute lantegi horren “itxiera saihesteko”. Era berean, erakundeekin eta sindikatuekin bilduko direla esan dute, babes zabala lortzeko asmoz. “Lantegia itxi ez dezaten ahaleginduko gara, epaitegietara joko dugu, honakoa aurretik prestatutako itxiera bat baita”, ziurtatu dute.

Halaber, Ortuellako lantegiaren itxiera “aldez aurretik” bilatu izana leporatu dio langileen batzordeak General Electric multinazionalari, eta ekainean Lan Ikuskaritzaren aurrean salaketa bat jarri zutela gogora ekarri du. “Asteak daramatzate lantegiaren itxiera prestatzen”, azpimarratu du langileen batzordeak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Bizkaia Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Multinazionalak albisteak Lana berriak Ekonomia Ortuella bideoak Andoain Albisteak Zamudio azken albisteak Enpresak Prentsa digitalaren azken orduko