Ekonomia -
Bizkaia
Aldundiak grebaren gastuak itzuliko dizkie erresidentzien erabiltzaileei
Bizkaiko Aldundiak ekainean edo uztailean itzuliko du grebagatik jaso ez duten zerbitzuaren prezioa.
Agentziak | erredakzioa
Bizkaiko Aldundiak ekainean edo uztailean itzuliko die erresidentzien erabiltzaileei grebaren ondorioz jaso ez duten zerbitzuagatik ordaindutakoa, Elena Unzueta Aldundiaren bozeramaileak jakitera eman duenez.
Aldundiak greba egin duten itundutako zahar-etxeetako plazen % 70 hartzen du bere gain (II. eta III. mailako mendekotasuna duten pertsonena), eta duela hilabete batzuk enpresei eskatu zien grebaren ondorioz eskaini ez zuten zerbitzuaren ordaina itzultzeko, lanuzteen ondorioz ordaindu gabeko soldatak hain zuzen ere. Guztira 170 greba egunera iritsi da protesta.
Isabel Sanchez Robles Gizarte Ekintzako foru diputatuak maiatzean Batzar Nagusietan adierazi duenez, 2016an 721.750 eurora iritsi zen kopurua, eta orduan aurreratu zuen zentroen erabiltzaileei itzuliko dietela.
Aldundiak uste du 2.500 bat pertsonak jasoko dutela dirua, hau da, 2016ko grebengatik 300 bat euro jasoko du erabiltzaile bakoitzak.