Ekonomia -

GREBA HEKUNTZAN

Sindikatuek negoziatzeko borondaterik ez dutela esan du Jaurlaritzak

Asteroko gobernu bileraren ostean, Erkorekak azpimarratu du greba deialdia errespetatzen duela, baina ez datorrela bat aldarrikapenarekin, ezta lanuztea egiteko aukeratutako momentuarekin ere.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, sindikatuek ez dute Hezkuntza sailarekin negoziatzeko borondaterik. Greba deitu duten sindikatuen eskariak ez datozela bat egungo errealitatearekin gaineratu du.

ELA, LAB, CCOO eta Steilas sindikatuek deituta, EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko 29.000 langile inguru daude gaur greba egitera deituta. Sindikatuen arabera, % 80k egin du bat grebarekin. Jaurlaritzak, zentroen bi herenen datuak bilduta, jarraipena eguerdian % 50,44koa zela esan du, batez beste.

Asteroko gobernu bileraren ostean, Erkorekak azpimarratu du greba deialdia errespetatzen duela, baina ez datorrela bat aldarrikapenarekin, ezta lanuztea egiteko aukeratutako momentuarekin ere.

Sindikatuek mahai gainean jarritako eskariek ez dutela greba justifikatzen esan du bozeramaileak. Horren hitzetan, azken hilabeteotan "bilera asko" egin dituzte sindikatuek eta Hezkuntza sailak. Hitzordu horietan, Erkorekaren aburuz, garbi geratu da Jaurlaritzak akordiorako borondate "serioa" duela, eta sindikatuek, aldiz, negoziatzeko interesik ez dutela. Eskari "errealistak" egiteko esan die Erkorekak sindikatuei. Orain mahai gainean jarri dituzten neurriak ez daudela Jaurlaritzaren esku ziurtatu du, Espainiako Gobernuaren esku baizik.

Grebaren jarraipenaren behin betiko datuak, oraindik, ez dituztela adierazi du, eta zalantzan jarri du sindikatuek emandako jarraipen datua, % 80koa. Aditzera eman duenez, martxoaren 22ko grebaren ondoren langileen % 42ri kendu zitzaien soldatatik lanuztea egiteagatik zegokien diru kopurua. Greba jarraitu zutenak gehiago izan baziren, jakinarazteko esan du bozeramaileak, tonu ironikoan, horiei ere nominatik dirua kendu behar bazaie.

Datorren astearterako ere, maiatzak 23rako, beste greba egun bat deitu dute Hezkuntzako sindikatuek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Grebak Ekonomia Eguneko albisteak Eguneko albisteak