Ekonomia -

Gasteiz

Mercedeseko enpresa-batzordeak UGTren salaketak ukatu ditu

Sindikatu horren esanetan, ez zuen batzordearen presidente berria aukeratzeko bileretan parte hartzeko aukerarik izan, eta epaitegietara jo zuen gertatutakoa salatzeko.

Gasteizko Mercedes Benz lantegia. Artxiboko argazkia: EiTB
Gasteizko Mercedes Benz lantegia. Artxiboko argazkia: EiTB
Gasteizko Mercedes Benz lantegia. Artxiboko argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Mercedes Benz lantegiko enpresa-batzordeak UGTren salaketak ukatu ditu astelehen honetan. Sindikatu horren esanetan, ez zuen batzordearen presidente berria aukeratzeko bileretan parte hartzerik izan, baina, enpresa-batzordearen esanetan, UGTk ez zuenez batzordearen presidentzia lortu “umeak bezala haserretu” eta epaitegietan salaketa jartzea erabaki zuen.

Urtarrilean, gaur egungo enpresa-batzordea osatzen duten sindikatuek (ELA, LAB, CCOO eta ESK) Iñaki Andres (UGT) batzorde horren presidente berria izateko hautagaia izatea saihestu zuten. Izan ere, CCOOk, UGTk, Ekintzak eta PIMek sinatutako hitzarmenaren ostean, abenduan dimisioa eman zuen Igor Guevarak (ELA).

Alabaina, sindikatu horren hautagaitza atzera bota zuten, eta Guevarak enpresa-batzordea zuzentzen jarraitzen du. UGTk (Gasteizko lantegian babes gehien duen sindikatua da) langileen ordezkarien inguruko informazioa bidali ez izana eta bileretan parte hartzeko deia egin ez izana leporatzen dio Guevarari.

Arrazoi horregatik, UGTk epaitegietara jo zuen, eta enpresa-batzordearen kontrako salaketa jarri zuen, askatasun sindikalaren kontra egin izana leporatuta. Astelehen honetan izan da epaiketa.

Epaiketa hasi aurretik, UGTko kideak bileretan parte har ez dezaten ez duela trabarik jarri esan du Guevarak. Hori horrela, inoiz ez direla haien eskubideak urratu gaineratu du.

“Haiek erabaki zuten ez zutela parte hartu nahi, eta guk ezin ditugu indarra erabiliz bileretara eraman”, esan du Guevarak. Ildo horretatik, UGTko ordezkariek batzordean berriro parte hartu nahi dutenean gainontzeko sindikatuek ez dutela arazorik izango azaldu du.

Epaiketa bertan behera geratu da

Astelehen honetarako aurreikusita zegoen epaiketa bertan behera geratu da, forma akatsa dela eta. Izan ere, enpresa-batzordearen kontrako salaketan Ekintza sindikatua aipatzea ahaztu du UGT sindikatuak. Gauzak horrela, epaiketa bertan behera utzi dute, UGTk falta den sindikatuaren izena gehitu eta salaketa gaurkotu dezan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba EAE Lana Ekonomia 2024 Prentsa digitalaren azken orduko Gasteiz berriak Gaurko azken ordukoa Mercedes-Benz Gasteiz Industria sektorea gaur Automobilgintza Euskadin eta Nafarroan UGT Langileen Batasun Orokorra