Ekonomia -

Errenta-aitorpena

Bizkaiko Ogasunak 407 milioi euro itzultzea aurreikusi du

2016ko errentaren kanpaina maiatzaren 2an abiatuko dute Bizkaian.

Bizkaiko Ogasuna. EFE
Bizkaiko Ogasuna. EFE
Bizkaiko Ogasuna. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Foru Aldundiak maiatzaren 2an abiatuko du 2016ko errenta eta ondarearen kanpaina. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) 566.000 aitorpen aurkeztea aurreikusi dute: horietatik % 72 itzultzekoak izango dira (407 milioi euro, guztira) eta % 28, berriz, ordaintzekoak. Horrez gain, 6.870 ondare-aitorpen espero dituzte, eta horiekin 74,8 milioi euro biltzea. Bestalde, 10.000 langile autonomori aitorpena etxera bidaliko dietela iragarri dute.

Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun eta Finantzetako Foru diputatuak eta Aitor Soloeta Ogasuneko zuzendari nagusiak errenta-kanpainaren datu nagusiak aurkeztu dituzte gaur goizean. Ekainaren 30era arte egongo da martxan, eta ez dute araudiaren aldaketa "esanguratsurik" espero, ezta Errenta eta Ondareari buruzko aitorpenetan ere.

Foru Aldundia gaur hasi da Ogasunak 336.000 zergaduni egindako PFEZaren aitorpenak etxera bidaltzen.

Zergadunen aldeko emaitza duten aitorpenak bidaliko dituzte lehen bidalketan, itzultzekoak (berdeak); ordaintzeko  aitorpenak (urdinak), berriz, apirileko bigarren astetik aurrera igorriko dituzte.

Web atari berria

Era berean, Iruarrizagak iragarri duenez, aurten ere Ogasunak "nahikoa aukera eskainiko dio jendeari aitorpena erraz, eroso eta doan aurkez dezan". Horretarako, gaurtik erabilgarri ipini dute errentaren web atari berria. "Erabilpena hobetzeko bertsio eguneratua eta hobetua" eskainiko du plataformak. Halaber, zergadunek telefonoz ere argitu ahalko dituzte zalantzak, 901 503 000 zenbakiaren bidez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Ekonomia Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Gastu publikoa