Ekonomia -
LAN-GATAZKA
12 orduko lanaldiaren aurkako lanuzteak abiatu dituzte Sestaoko ACBn
Ordubeteko lanuzteak egingo dituzte lan-txanda bakoitzean, asteazkenero eta ostegunero, datozen bi hilabeteotan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sestaoko ACB lantegiko langileek ordubeteko lanuzteak abiatu dituzte gaur, planta horretan ezarri duten 12 orduko lanaldiaren kontra. Langile gehiago hartzea, 8 orduko lanaldiak berriz ezartzea eta lantegiaren etorkizuna bermatuko duen industria-plana egitea eskatzen dituzte langileek.
Gaur goizean egin dute lehen lanuztea, 07:00etatik 08:00etara. Langileen batzordeak jakitera eman duenez, ordubeteko lanuzteak egingo dituzte lan-txanda bakoitzean, asteazkenero eta ostegunero, martxoan eta apirilean.
Enpresa batzordeak bilera egin zuen atzo enpresaren zuzendaritzarekin, 8 orduko lanaldia berreskuratzeko helburuarekin. Sindikatuen arabera, jarrerak "gerturatu" zituzten, baina ez zuten akordiorik lortu, eta lanuzteei eustea erabaki zuten.